Zumaian ere, potea eta pintxoa, euro eta erdian

Urola Kostako Hitza 2011ko mai. 12a, 12:52

Gaur ekingo diote herriko hamahiru tabernarik pintxo poteoari. Inguruko herrietan egiten duten bezala, astez aste eramango dute aurrera ekimena, eta bezeroek ostegunetan edaria eta pintxoa eskuratuko ahalko dute euro eta erdiren truke. Zumaiako merkatarien elkarteak, Zumartian Hirugarren Sektorea Sustatzeko Plataformak, sortu du egitasmoa, kaleak biziberritzeko asmoz. Ostalarien esanetan, «osteguna egun aproposa da lagunekin zerbait hartzera irteteko». Hori hala, udaberria garai egokia iruditu zaie egitasmoa martxan jartzeko. «Ostegun arratsaldetan kalera irteteko eta tabernara joateko joera sortu dela ikusi dute elkarteko kideek, eta hortaz baliatuz sortu dugu pintxo poteoa», dio Maider Izagirre Zumaiako Merkatari eta Ostalaritza Elkarteko aholkulariak. Ganbara, Gure Txokoa, Itxaso, Itzurun, Kalari, Kantauri, Kresala, Marina Berri, Metro, Trapaia, Tximista, Zumaia Hotela eta Zalla tabernek osatzen dute pintxo poteoko zirkuitua. Merkatarien elkarteak adierazi duenez, «funtsean ohiko pintxoak» egongo dira, baina taberna bakoitzak berezi bat eskainiko du, bezeroak aukera gehiago izan dezan. Gainera, astez aste tabernariek aldatu egingo dute eskaintza. Edariei dagokienez, berriz, kriantza, ardo zuria eta gorria, zuritoa, ura eta mustioa jasoko dute. Azken hilabeteetan Zarautzen eta Orion ere jarri dute abian ekimena, eta izan duen «harrera ona» aintzat hartuta, Zumaian ere antzeko emaitza izatea espero dute. Upategietara joateko aukera Pintxo poteoa egiten duten tabernariek txartelak banatuko dituzte parte hartzen duten bezeroen artean. Bihartik abendura bitartean tabernari bakoitzak txarteltxoan zigilua jarriko dio pintxo poteoan parte hartzen duenari. Eta taberna guztien zigiluak lortzen dituztenean, bezeroa Principe de Viana upategira joateko zozketan sartuko da. Horretarako, bezeroek Zumaiako Turismo Bulegoan utzi beharko dute txartela. Antolatzaileek bost pertsonarentzako zozkatuko dute saria, irailaren 20an eta abenduaren 13an. Izagirreren esanetan, urtean zehar musika emanaldiak eta ikuskizunak antolatzeko asmoa dute pintxo poteoa egiten duten egunetan. Beraz, elkartearen Facebook sare sozialean ekitaldien berri emango dutela edo pintxoen errezetak eskainiko dituztela aurreratu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide