Lucia Lakarra dantzariak Dance Openeko ikusleen saria jaso du

Urola Kostako Hitza 2011ko apirilaren 12a

Lucia Lakarra Zumaiako dantzariak San Petesburgoko Dance Open jaialdian ikusleen saria jaso zuen joan zen astean. Hilak 4ean Open Dance hamargarren edizioko jaialdiaren amaiera saioan ospatu zuten hiri horretan. Bertan egin zuten Munduko Izarren Gala, eta Municheko Operako Balleteko dantzari nagusiak Thais obra interpretatu zuen. Iaz, lan honekin irabazi zuen zumaiarrak Dance Open saria. Hori hala, aurtengo edizioan, antolatzaileek hala eskatuta taularatu zuen pieza hori Lakarrak, Marlon Dino konpainia bereko dantzari nagusiarekin batera. Ikuskizunaren amaieran jaso zuen saria zumairrak, ikusleak hala bozkatu ondoren. Lakarrak, saria jasotzean adierazi zuen ikuslerik gabe dantzarik ez zela izango: «Dantzari batentzat ez dago ezer hunkigarriagorik ikusleen maitasuna eta estimua sentitzea baino. Beraien txaloak sariak dira niretzat, eta orain, maitasun horren oroigarritzat saria dut». Azken hilabetetan beste hainbat sari jaso du Zumaiako dantzariak;  iazko urrian, esaterako, Moskuko Kremlin hirian hamarkadako dantzari onenaren saria jaso zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide