Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zumaiako Udalak eta Garbitania erakundeak Zumaiako zaborraren kudeaketa aintzat hartuko duen ikerketa egiten ari direla jakinarazi dute Andoni Etxaniz Zumaiako alkateordeak eta Eneritz Gurrutxaga Garbitaniako gerenteak.
Maiatza bitartera egingo dute azterketa, eta joan zen urtean Hondakinen Batzorde Herritarraren ekimenez egin zuten parte hartze prozesuari jarraipena emango dio; izan ere, iazko prozesuan hondakinen kudeaketaren inguruan irizpide batzuk finkatu zirela gogoratu du Etxanizek. Hori hala, "herritarrek orduan emandako aholkuak" kontutan hartuta, azterketa bat egingo dute orain, eta horrek "bideragarritasun ekonomikoa" duen egiaztatuko dute: "Bosgarren edukiontzia eta errausgailua martxan jarrita daude, baina guk beste bide bat hausnartu nahi dugu. Bide horrek nolako bideragarritasuna duen aztertuko dugu".
Garbitania ari da egiten ikerketa, eta behin "azterketa teknikoa" eskuartean dutenean erabakiak hartuko dituztela aurreratu dute arduradunek. Etxanizek hondakinen kudeaketaren inguruko eztabaida "erabaki politikoetatik haratago" egon beharko lukeela uste du. Horrela, hurrengo legealdiak "txosten teknikoaren gainean" hartu beharko dituela erabakiak gaineratu du.
Garbitaniako gerenteak jakinarazi du atez ateko sistemaren eta bosgarren edukiontziaren inguruan Euskal Herritik kanpo ere esperientzia badagoela: "Pertsona bakotizak zenbat hondakin sortzen duenaren inguruko baremoak zehaztuta daude. Horren arabera, eta Zumaiako datuak kontutan izanda, zenbat hondakin mota sortzen den jakingo dugu". Azkenik, kudeaketa bideragarri egiteko zer pauso eman beharko duten zehaztuko dituzte.
Etxanizen iritziz, "gero eta kontzientzia handiagoa dugu hondakinen inguruan": "Zabortegiak gainezka daude, eta egiten den bilketa ez da egokia". Etxanizek adierazi du egun sortzen den zabor-poltsaren %40a organikoa dela: "Ez dugu legea betetzen, Zumaiak 5.000 biztanle baino gehiago dituenez gai organiko guztia banatuta jaso beharko bailuke".
Udalak ez du «beharrezkoa» ikusten erraustegia eta "ekidin beharreko plana dela uste du". "Herritarren osasunari kalte" egiteaz gain, udalak autonomia galtzen duela arrazoitu du. "Finantziazio handia behar du, eta ordain agiria Udalei pasatuko digute, galdetu gabe".
Hori hala, "beste alternatibei aukera ematea" beharrezkoa dela uste du Etxanizek, eta horretarako Talde Mistoak Usurbilgo Itunarekin bat egiteko eta «Zero zabor irizpideen baitan hiru urteko moratoria» egiteko mozioa aztertuko du gaur Udalbatzak.