Zero Zabor Zumaia taldea sortu dute herritarrek

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 28a, 17:40

Joan zen ostiralean Zumaiako hainbat lagunek sortu berri duten Zero Zabor Zumaia taldea aurkeztu zuten. Foronda kultur etxean egin zuten agerraldian, taldearen nondik norakoak azaldu zituzten,  eta bertan parte hartu zuten Peio Zubiria Hernaniko Zero Zabor taldekideak eta Joxe Mari Irazusta Usurbilgo Atez atekoaren Jarraipen Batzordeko kideak, besteak beste. "Zumaiako eta Gipuzkoako zabor bilketaren sistemari" aurre egiteko asmoz sortu dute taldea. Zero Zabor filosofiari jarraituz, zaborraren kudeaketa eredu desberdina lortzea dute helburu: "Egungo zaborraren kudeaketa eredua amaituta dago; zabortegiak gainezka daude. Ikusi dugu kudeaketa alternatiboetan %88a berziklatzen dela, atez ateko sisteman, hain zuzen ere. Erraustegiari dagokionez, badakigu sistema horrek ez duela benetako aldaketarik ekarriko; osasun arazoak sortzeaz gain, zaborra sortzen jarraitzen du", diote kideek. Filosofiaren helburura iristeko atez ateko sistema "lehenengo geltokia" dela uste dute taldekideek. Horrez gain, taldekideek eta herriko beste 21 eragilek Usurbilgo Itunarekin bat egin zuten orduko ekitaldian; herri mailan honakoak eman zuten atxikimendua: Zero Zabor Zumaian taldeak, Aralarrek, ezker abertzaleak, Pili Etxabe Zumaiako zinegotziak, Alternatibak, ESK-k, LABek, Zuamaiako EHNEk, EILASek, Eguzkik, Natur Taldeak, Ikasle Abertzaleak, Basherri taldeak, Galerna gazte aldizkariak, Gazte Independentistak, Gaztetxeko Literatur Taldeak, Inpernupek, Malen etxeak, Txinpartak eta Zugak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide