Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Beñat Lizeaga Zumaiako preso politikoak gose greba hasi zuen joan zen asteazkenean, Aitziber Plazaola, Endika Perez, Jazint Ramirez, Xalbador Ramirez eta Aiala Zaldibarrekin batera, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren arabera. Izpuran itxialdia egin zuten gazteak Seysseseko espetxean daude, eta bertan hasi dute gose greba. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, baraualdiak hilaren 23ra bitartean iraungo du.
Taldeak adierazi duenez, gazte independentistek bi helbururekin jarri dute abian gose greba; batetik, "euroaginduaren aurka" egin nahi dute, eta bestetik, Irati Tobar kideari "elkartasuna" adierazi nahi diete.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gose greban dauden "herritar guztiak babestu" nahi ditu, "bai Hendaian daudenak, baita Seyssesko espetxean daudenak ere": "Euroaginduaren bidea abian jarri zenetik argi gelditu da ez dituela oinarrizko defentsa eskubideak bermatzen. Estatu frantziarraren kasuan emandako euroaginduetan eguneroko izan da torturapean egindako deklarazoen erabilera euroagin hauek onartzeko garaian", dio taldeak. Horrez gain, Ipar Euskal Herrian euroaginduaren aurka sortu den "dinamika txalotu" du AAMk, eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du.
Frantziako Poliziak joan zen astean atxilotu zuen Lizeaga, eta epaileak Seyssesko espetxera bidali zuen. Joan zen asteartean, berriz, gazte zumaiarrak bere kontrako euroaginduaren inguruko saioa izan zuen, eta datorren asteartean, hilak 22, jakinaraziko dio epaileak bere aurkako euroagindua onartzen duen edo ez.