‘Motxo’-k hondoa jo zuen eremuan «orbainak» geratu direla salatu du Eguzkik

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 11a, 13:17

Eguzki Talde Ekologistak komunikatu baten bidez zera salatu du: Motxo ontziak Zumaia eta Deba artean hondoa jo zueneko eremuak oraindik ez duela aurreko egoera berreskuratu. Eta ez guneak ez duela emaitza onik izan gaineratu du. Taldearen arabera, Motxo ontzia kentzeko egin zituzten lanek «izugarrizko orbainak» utzi ditu biotopoan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera salatu du. Erakundeak «bere eginkizunak» ez dituela bete jakinarazi du Eguzkik. Zentzu horretan, orain arte egin dituzten lanak ez direla «nahikoak» gaineratu du ekologista taldeak. Halaber, «agindutakoa bete ez izana» leporatu dio Aldundiari. Erakundeak «utzikeriaz» jardun duela irizten dio taldeak. Hori guztia kontuan izanda, bere garaian «egindako promesak» betetzeko eskatu dio Aldundiari, eta «eremua aurreko egoerara ahalik eta ondoen itzultzeko» eskatu dute. Eguzkik, Motxo ontzia kentzeko eremu horretan pasatu zuten zapalgailuaren ondorioz, zenbait zonalde zortzi metro zabaldu direla gaineratu du. Taldeak eremu horrek «agonia sentsazioa» ematen duela nabarmendu du, eta «ganora eza» gaitzetsi: «Zuhaitz eta zuhaixka aleak landatu dira, baina bertako pistak ez du hasierako tamaina berreskuratu». Horrez gain, honakoa azaldu die arduradunei: «Zapalgailua pasatu ondoren, ez da nahikoa denborak, klimak eta naturak egingo duten lanaren zain egotea. Kudeaketari dagokionez, biotopoak ardura gehiago eskatzen du», dio taldeak. Iazko azaroaren 4an jo zuen hondoa Bermeoko Motxo arranontziak Zumaia eta Deba arteko kostaldean. Hainbat ahalegin egin eta gero, azkenean abenduaren 10ean atera zuten harraldetik. Eguzki taldeak orain gogorarazi du ia bi kilometro neurtzen duen ibilbidea «gehiegi aldatu» zela orduan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide