Udal Gobernuak herritarrekin aritu da aurrekontuen inguruan

Urola Kostako Hitza 2011ko martxoaren 10a

Zumaiako Udal Gobernua joan zen martxoaren 2an herritarrekin bildu zen, eta Iñaki agirrezabalaga Zumaiako alkateak, Andoni Etxaniz alkateordeak eta Joseba Azpiazu Ogasun Zinegotziak bertaratu zirenei 2011ko aurrekontuak aurkeztu zizkieten. Aurrekontuak ez onartu izanaren egoera "ez-normala" izanagatik egin zuen Udal Gobernuak bilera hori. Agirrazabalagaren esanetan, "parte hartzea ez da prozedura bat". Alkateak "kultura berritzat" jotzen du hori; "aurrekontuak herritarrekin batera idatzi ditugun moduan, orain herritarren aurrean azalduko dugu zer gertatu den eta hemendik aurrera zer egingo dugun". Aurrerantzean, "egoera finantzarioa ez-normalizatua izan arren, egoera erreala normala" izango dela adierazi zuen alkateak. Horrez gain, "gastu arrunta kubrituta" zegoela esan zuen, eta hainbat atalek aurrera egingo dutela jakinarazi zuen; "kirol eta kultura jarduerak ere aurrera egingo dute, berdintasun planak bezala". Hala ere, Kirol Patronatua eta Berdintasun eta Gaztedi Saila ez direla osatuko argitu zuen. "Ezin da gastu eta inbertsio berririk egin. Gainera, beste hainbat kontu Udalbatzarraren esku geratu dira, oposizioaren jarreraren arabera, alegia". Zentzu horretan, Zumaia Lantzenen egoera jarri zuen adibidetzat; "Zumaia Lantzenen finantziazio arazoa konponduta geneukan, eta orain, berriz ere, airean dago. Izan ere, Udalbatzak erabakiak onartu behar ditu". Agirrezabalagak "oposizioak oraindik herritarrei mina" egiteko aukera duela gaineratu zuen orduan. Pasa den otsailean egin zuten osoko bilkuran Udalbatzak ez zituen onartu udal gobernuak aurkeztutako 2011ko aurrekontuak. Aralar-Alternatibak baiezkoa bozkatu bazuten ere, EAJk, PSE-EEk eta Pilar Etxabek aurkako botoa eman zuten. EAJk eta PSE-EEk "alderdien interesak zumaiarren interesen gainetik" jarri zituztela arrazoitu zuten orduan. Andoni Etxaniz alkateordeak, bere aldetik, oposizioak "edozein aurrekontu aurkeztuta ere atzera botako" lituzketela adierazi zuen herritarrekin egindako bileran. "Hauteskunde kanpainan gaude, eta EA eta ezker abertzalearen koalizioa ahula dela irudikatu nahi dute", adierazi zuen. Udal Gobernuak "ontzat" eta "krisi garaira egokitutakoak" jo zituen aurkeztutako aurrekontuak. "%10 jaitsi behar izan da, baina urtea zorrik gabe amaituko genuen, diru sarreren aurreikuspenak betezen baziren". Joseba Azpiazu Ogasun zinegotziak, berriz, aurrekontuak osatzerako orduan "herritarren parte hartzea bultzatu" eta oposizioko alderdiekin eta gizarte eragileekin "akordioa biatu" dutela nabarmendu zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide