Goizeko 11:30ak aldera amaitu da Beñat Lizeaga zumaiar gaztearen kontrako euroaginduaren inguruko bista, Pauen (Frantzia). Eta hilaren 15ean jakinaraziko du epaileak agindua onartzen duen edo ez, eta ondorioz, Espainiaratuko duten ala ez.
Lizeaga Segiren kontrako sarekada medio zen Iparraldean. Duela aste batzuk itxialdia hasi zuen beste zazpi gazterekin batera, Izpuran. Hilaren 1ean eman zuen Paueko epaileak gaztea kartzelaratzeko agindua, eta ordutik Seyssesko espetxean dago, Aitziber Plazaola, Bergoi Madernaz eta Aiala Zaldibarrekin batera.
Atxilotu zutenetik gaur izan dira Lizeagarekin senideak, eta "bost minutu eskas" partekatu ahal izan dituztela jakinarazi du familiak.