Zumaiako EAJko zinegotzi Maria Eugenia Arrizabalagaren arabera, Udal Gobernuak «EAJren aurka ikaragarriak bota ditu» Herri Kontuen Euskal Epaitegiak kaleratutako txostenaren harira. «Udal Gobernuaren jarrera lotsagarria deritzogu, eta zitalkeriaz beterikoa». Ezker abertzale berak urte askoan mantendutako iritziaren aurka egin dutela gaineratu zuen: «Urteetan zehar Zumaiako udal ordezkaritzan ezker abertzaleak Zumaia Lantzenen jardueraren inguruan zuen iritzi positiboa ukatu nahi dute. Ahaztu egin dira Zumaia Lantzenen Zuzendaritza Batzordeaz ari direla, eta ez EAJz». Horri lotuta, Zuzendaritza Batzordea udal talde guztiek osatzen dutela gogoratu zuen Arrizabalak, ezker abertzalea eta EA barne.
Hala, «guztion artean, Zumaia Lantzenen bidez, herriari aukera handiak zabaldu» zizkiela nabarmendu zuen: «Ikasi nahi ez badute ere, Etxanizi eta Agirrezabalagari gogorarazi nahi diegu Zumaia Lantzenen bitartez lortutakoak gauza handiak izan zirela». «Hankasartze edo merezimendu izan diren, hori norberak erabaki behar du. Guk merezimendu izan direla deritzogu, eta harro gaude», esan zuen. «Ezker abertzalea bera ere urte askoan harro edo, behinik behin, ados agertu izan da».
EAJ 1992-2008 urte bitarteanUdal Gobernuan zenean, «zumaiarrei aukera handiak zabaldu» zizkiola nabarmendu du alderdiko bozeramaile Maria Eugenia Arrizabalagak. Pasa den ostegunean egin zuten alderdikideek agerraldia, asteotan Iñaki Agirrezabalaga alkateak eta Andoni Etxaniz alkateordeak egindako adierazpenei erantzutearren. «Zumaiako Udal Gobernuak bere kudeaketa kaskarra ezkutatzeko asmoz txipiroiena egin du; ingurura tinta bota, alegia», adierazi zuen Arrizabalagak.
«Txipiroi tinta»
Era berean, hauteskundeei begirako jarrera dutela gehitu zuen: «Hemendik hiru hilabetera Udal eta Foru hauteskudeak ditugu eta Zumaiako Udal Gobernua osatzen duten EAk eta ezker abertzaleak hauteskunde kanpaina hasi du». Horren harira, «lau urteko udal kudeaketa kaskarraren ondoren, zein larri eta estu dauden» agerian utzi dutela adierazi zuen. «Herriari aurkezteko ezer gutxi dute, eta horren jakitun direla, txipiroi tinta botatzea erabaki dute, ea horrela despistatzen dituzten herritarrak», argudiatu zuen EAJko bozeramaileak.