Zumaiako Udalak frontoia eraikitze aldera aurrerapausoa eman du. Pasa den osteguneko udalbatzarrean, Zumaiako Udalbatzak Ardantzabideko partzelak eskualdatzeko eta Puntanuetan estalitako frontoia eraikitzeko espedientea onartu zuen, gehiengoz. EAk, ezker abertzaleak, Aralar-Alternatibak, PSE-EEk eta Pilar Etxabek alde bozkatu zuten; EAJ, berriz, abstenitu egin zen.
Udal Gobernuak Ardantzabideko partzelan etxebizitzak egiteko diru-laguntzak urbanizazio karga gisa deklaratu zituen pasa den urtarrilean. Horri esker, 3.600.000 euro jasoko ditu Udalak. Hori dela eta, frontoia exekutatzeko lan tresnak ditu Udalak. Frontoia eraiki ahal izateko, baldintza pleguak onartu behartzea zen baldintza. Behin onartuta, lehiaketa publikora aterako da frontoia eraikitzeko ardura hartuko duen enpresa esleitzeko.
«Partzelak balorea izatea lortu dugu, bertan etxebizitzak eginda, 700 pertsona hartuko dituen frontoia egikaritzeko aukera izango dugu», nabarmendu zuen Andoni Etxaniz alkateordeak.
PSE-EEko zinegotzi Emiliano Cabañasek herrian frontoia izatearen garrantzia aipatu zuen: «Beharrezkoa da zumaiarrentzat frontoia errealitate bihurtzea». Aralarreko Aitor Leitzak bat egin zuen Cabañasekin: «Bada garaia herritarrek frontoia euren esku izateko».
Pilar Etxabek proiektuaren luzapena izan zuen hizpide: «Duela lau urte eginda behar zuen frontoiak». Era berean, ikusle kopurua gehitzea aztertu beharko litzatekeela gehitu zuen.
1urolakosta.hitza.eus