Zestoarrek etxeko hondakin txikiak botatzeko erabiltzen duten etxolak kokapen berria izango du aurrerantzean. Hain zuzen ere, Gesalaga kalean egongo da orain arte Zubimusu kalean egon den etxola. Kokalekuz aldatzeko tarte horretan, konpondu ere egin dute, zaharkituta baitzegoan.
Berez Garbigunera eraman beharrekoak diren hondakin jakin batzuk utz ditzakete zestoarrek etxola horretan, tamaina txikikoak. Etxolak hainbat formatako eta tamainatako ahoak eta zirrikituak ditu, hondakinak utzi ahal izateko.
Honako hondakinak utzi daitezke etxolan: aparatu elektriko eta elektroniko txikiak; tinta kartutxoak eta tonerrak; CD, DVD, VHS eta musika kaseteak; metalezko tresneria –kazolak, zartaginak, mahai tresnak...–; pinturak eta erabilitako brotxak; disolbatzaileak; garbiketarako produktu kimikoak; motor olioa; aerosolen ontziak; fluoreszenteak, kontsumo baxuko bonbillak eta halogenoak; erradiografiak; merkuriozko termometroak; eta pilak.
Pinturak, garbiketarako produktuak, motor olioa eta antzekoak ondo itxitako ontzietan utzi behar dira, eta soilik ahoetatik edo zirrikituetatik sartzen diren hondakinak utzi daitezke, lurrean ezin baita ezer utzi. Tamainagatik etxolan sartzen ez diren hondakinak nahiz zerrendan azaltzen direnak Garbigunera eraman beharko dituzte herritarrek.