Kaskaroten erritmora girotu dute Itxaropena dantza taldekoek herria

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 7a

Guztira, Itxaropena dantza taldeko 90 dantzari inguru aritu dira gaur Laranjadi plazan. Jendetza bildu da herriko dantzarien emanaldia bertatik bertara ikusteko. 

Itxaropena dantza taldeak ikasturte amaierako ohiko jaialdia eskaini du gaur, igandea, Laranjadi plazan. Herria, jendetza, batu da herriko dantza taldeak eskaini duen ikuskizun berezia ikusteko. Aurtengo jaialdia Lapurdiko kaskaroten dantza, doinu eta kantuekin osatu dute Itxaropenakoek, eta maisutasunez ekarri dituzte Iparraldeko dantzak Hegoaldera.

Guztira, Itxaropena dantza taldeko 90 dantzari inguru ariko dira plazan, 6 urtetik 60 urtera bitartekoak, belaunaldi ezberdinak batu baititu gaurko ikuskizun bereziak. Haiekin batera ariko dira Garikoitz Mendizabal, Xabi Zabala, Jon Mendizabal, Gorka Regil, Beñat Etxabe eta Joseba Regil musikariak, denak ere beren erritmora.

Inauteri garaian Lapurdin etxez-etxe eskean ibiltzen diren gazte taldeak dira kaskarotak. Martxen doinura eta erritmora mugitu ohi dira alde batetik bestera, eta geldialdietan hainbat dantza egin ohi dituzte, besteak beste, xinple, marmutx, makila txiki, makila handi, dantza jauziak edota fandangoa. Ponpier eta Kotilungorri pertsonaiak, banderaria, jaun-andereak eta beste hainbat kidek osatu dute gaurko ikuskizuna, baita hartzak ere. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide