Kultur Etxea berritzeko proiektua garatzen da ari da Zestoako Udala pasa den urritik, herritarren iritzien eta eskaeren laguntzarekin. Atzo arratsaldean, zehazki, gaiaren bueltako hirugarren bilera egin zuten jubilatuen taberna izandako espazioan, eta Kultur Etxe berriaren proiektuaren azken emaitza aurkeztea izan zen helburua. Udaleko ordezkariez gain, herriko kultur eragileek parte hartu zuten saioan: Gazte Asanbladak, AEK-k, antzerki eskolak eta jubilatuen elkarteak, tartean. Bi ordu inguru iraun zituen bilerak, eta mamitsua izan zen.
Herritarrek bigarren bileran –martxoaren amaieran– egindako eskakizuna jaso eta proiektuan txertatu dutela jakinaraziz hasi zuen saioa Mikel Arregi Ertxin Zestoako alkateak. Hain zuzen ere, Kultur Etxeak izango duen eszenatoki berrituak kamerino bat behar zuela iritzi zioten herriko kultur eragileek, kontzertu, antzerki edota bestelako hitzorduak modu egokian garatu ahal izateko. Eskakizuna jaso zuen udalak bigarren bilera hartan, eta alkateak asteazkenean jakinarazi zuen planoa moldatu dutela, eskatutakoa txertatuz.
Horrek, ordea, eragina izango du aurki Gaztetxea izango den espazioan. Izan ere, bigarren bileran zehaztu zuten moduan, obrak amaitzean Gaztetxea goiko solairutik beheko solairura lekualdatuko dute, azken urteetan jubilatuen taberna izan den eremura, alegia. Barra izango du Gaztetxeak, baina egun sukaldea dagoen lekuan egingo dute kamerinoa, baita espazio horrentzako komun bat ere.
Horrez aparte, Gaztetxetik aretorako sarbide zuzena ere eskatu zuen Gazte Asanbladak martxoan, eta eskakizun horri ere bide berdea eman dio udalak, Ertxinek jakitera eman zuenez. Tabernaren eta komunaren artean izango du sarbide hori, hain zuzen. Gaur egun bi komun daude espazio horretan, baina Gaztetxea eta aretoa lotuko dituen atearen zabalera egokia izateko komunetako bat kenduko dutela ere adierazi zuten saioan. Aldiz, Gaztetxeak ez du kamerinorako edota eszenatokirako sarrera zuzenik izango.
Ezaugarriak eta datak
Horrenbestez, hiru bileraren ondoren, Kultur Etxean ondorengoa egitea onartu zuten atzoko saioan: aretoa berrituko dute, eta eserlekuen gunea, oholtza eta haren atzealdea altuera berean jarriko dituzte. Eragileek hala eskatu bazuten ere, oholtzaren azalera ez dute handituko, eraikina behar bezala mantentzeko beharrezkoak diren zutabeek eta karga-hormek baldintzatuta daudelako. Espazio guztia altuera berean egongo denez, aluminiozko moduluak muntatzeko aukera egongo da, eszenatoki modura erabiltzeko.
Aretoaren atzealderako sarbide zuzena Enekosauztegi kaletik izango da, eta hori erabili ahal izango dute emanaldietarako materiala sartzeko, besteak beste. Ikusleek, berriz, egungo Kultur Etxeko sarbide nagusia erabili beharko dute aretora sartzeko. Eserlekuei dagokienez, udala aukera ezberdinak aztertzen ari dela kontatu zuen Ertxinek, baina horri bigarren fase batean helduko diote. Halaber, igogailua ere berrituko dutela jakinarazi zuen alkateak.
Era berean, adierazi zuen udala lanean ari dela obrek irauten duten bitartean herriko kultur eragileak beste nonbait birkokatzeko. Kultur eragileak kezkatzen dituen puntuetako bat da hori, eta talde horietako batzuek gaiaren inguruan duten egonezina jakinarazi zioten atzoko bileran alkateari. Izan ere, obrak 2027ko urtarrilean hastea aurreikusi du Zestoako Udalak, eta lau hilabete inguru iraungo dute. Hala, obrak direla medio, tarte horretan zenbait kultur eragilek beren jarduna beste espazio batean gauzatu beharko dute, hala nola antzerki eskolak eta Danbolin herri aldizkariak. Obren kostua, berriz, 60.000 euro ingurukoa izango dela zehaztu zuen Ertxinek.
Udalarekin hitzarmenak
Horrez gainera, alkateak atzoko hitzordua baliatu nahi izan zuen herriko kultur eragileengana zuzentzeko eta lokalen erabilerarako lagapen hitzarmenak sinatzeko beharra azpimarratzeko. Kontatu zuenez, gaur egun jubilatuen elkartearekin soilik dute horrelako hitzarmen bat indarrean, "eta egokia litzateke kultur eragile guztiekin adostea antzerako zerbait". Beraz, hitzarmenaren prozesua azaltzeko eta lehen pausoak ematen hasteko bilerak egitea proposatu zien alkateak bileran bildutako eragileei.
Beraien aldetik, kultur eragileek Kultur Mahaia eratzearen beharra jarri zuten mahai gainean beste behin. Bigarren saioan ere hitz egin zuten horren inguruan, eta proposamena da tartean behin kultur eragileak elkartzea, jarduerak eta taldeak modu egokian antolatzeko eta izan ditzaketen beharrak partekatzeko.
Hori horrela izanik, hitzarmenak zein Kultur Mahaiaz hausnartzen jarraitzeko bilera eguna jarriz amaitu zuten saioa: irailaren 15ean, asteartez, izango da saioa, Alonderon.