Iazko arrakasta eta gero, aurten berriz antolatu dituzte Zestoako Arteaga auzoko festak, eta herritarren erantzuna sekulakoa izan da. 09:30ean ekin diote egitarauari, Ertxiña tontorrera ibilaldia eginez. Handik ordubete pasatxora, tontor berera erlojupeko igoera egin dute, eta han parte hartu duten dozenaka laginek aurrez igo diren herrikideen animoak izan dituzte lagun.
Auzora jaitsita, Aizpea Aristik kontzertu akustikoa eskaini du karpan, eta ondoren, auzo bazkaria egin dute. Joan den urtean 170 lagunek parte hartu bazuten bazkarian, aurten ez dira gutxiago izan.
Arratsalde partean, haurrek hainbat jolasetan ibiltzeko aukera izan dute. Esate baterako, bi taldetan banatuta altxorraren bila aritu dira, auzo guztian barrena sakabanatutako arrastoak topatuz.
Datozen orduetan ere izango da zer eginik Arteagan, goizaldeko ordu txikietara arteko egitaraua prestatu baitute antolatzaileek. 18:00etan hasita, poteoa egingo dute auzoan, eta Xabierren museora bisita ere bai. Eguna borobiltzeko, berriz, Arrixku musika taldeak kontzertua emango du karpan, eta jarraian, Olber DJa arduratuko da parrandari musika jartzeaz.
(Argazkiak: Oier Arregi eta Aitziber Arzallus)