Zabaldu dute datorren urteko Eskola Kirolean eta Kirolaz Jostan izena emateko epea

Julene Frantzesena 2026ko maiatzaren 30a

Hainbat ume iazko kirol saio batean. (Zestoako Udala)

Datorren ostiralean bukatuko da bi egitasmoetan izena emateko epea. Horien helburua da umeek kirolaren alde osasuntsua, hezitzailea eta integratzailea bereganatzea, baita jolasen bidez haurrak balioetan heztea ere. Datorren ikasturterako hainbat aldaketa egin dituzte bi egitasmoetan.

Zestoako Udalak zabaldu du datorren ikasturteko Eskola Kirolean nahiz Kirolez Jostan izena emateko epea. Ekainaren 5a, ostirala, izango da bi egitasmoetan izena emateko azken eguna.  Kirolean hastapenak modu hezitzailean eta integratzailean egiteko xedez antolatutako bi egitasmoak izango dira martxan 2026-2027 ikasturtean, eta Zestoako gaztetxoek horietan parte hartu ahal izango dute: Eskola Kirolean LHko 1. mailatik 6. mailara arteko umeek; eta Kirolez Jostan, berriz, LH 1. eta 2. mailetako ikasleek. 

Bi egitasmoetan begirale profesionalak eta trebatuak izango dituzte gidari, eta Zestoa inguruko herriekin lankidetzan ariko dira. Helburua da umeek kirolaren alde osasuntsua, hezitzailea eta integratzailea bereganatzea, eta horien garapen integrala lortzea. Gainera, bizi ohitura osasuntsuak eta umeen arteko harremanak sustatzearekin batera, kirol espezializazio goiztiarra saihestea nahi dute, baita jolasen bidez haurrak balioetan heztea ere.

Aldaketa batzuk

Hurrengo ikasturtera begira, hainbat aldaketa egin dituzte Eskola Kirolean nahiz Kirolez Jostan. Eskola Kiroleko partaideek astegunetan bi entrenamendu eta larunbatetan topaketa egingo dituzte; orotara, hamasei jardunaldi izango dira. Urteko kuota 60 eurokoa izango da, eta ordainketa transferentzia bidez egin eta ordainagiria Ekain guraso elkartearen helbide elektronikora bidali beharko da, haurraren izena zehaztuta. Ikasturte honetan beka jaso duten familiek ez dute ordainketarik egin beharko. Hona hemen izena emateko bete beharreko formularioa.

Kirolez Josta egitasmoaren barruan, berriz, astean bi entrenamendu egingo dituzte. Urteko kuota 30 eurokoa izango da, eta trasferentziaren agiria Ekain guraso elkartearen helbide elektronikora bidali beharko da, datorren ostirala baino lehen, umearen izena zehaztuta. Ikasturte honetan beka jaso duten familiek ez dute ordainketarik egin beharko kasu horretan ere. Hona hemen izena emateko bete beharreko formularioa.

Honako lotura honetan ikus daitezke ikasturteko entrenamenduen egutegia eta informazio osagarria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide