Zestoako Antzerki Astearen egitaraua prest du Eromen konpainiak

Ane Olaizola 2026ko maiatzaren 27a

Zestoako Antzerki Astea, iaz. (Eider Iturriaga)

Ekainaren 24tik 28ra bitartean zazpi antzezlan eskainiko dituzte Zestoako Kultur Etxean zein Caravan Parken, eta datorren astean jarriko dituzte sarrerak salgai. 

Datorren ekainaren 24tik 28ra bitartean izango da aurtengo Zestoako Antzerki Astea, eta Eromen Produkzioakek dagoeneko prest du egitaraua. Guztira, haurrei zein umeei zuzendutako zazpi antzezlan eskainiko dituzte Caravan Parken zein Kultur Etxean, eta herritarrek datorren astean izango dute emanaldi horietarako sarrerak erosteko aukera. Aurten, gainera, obra bakoitzaren sormen prozesua azalduko dute dagozkien emanaldien ondoren.

Etxeko taldea arduratuko da egitaraua irekitzeaz hilaren 24an, eta aurten, Deus ex machina lana taularatuko du Eromenek 20:30ean. Konpainia horrek berak eskainiko ditu hurrengo saioak ere: hilaren 25an Aitaren etxea eskainiko dute; biharamunean, antzerki eskolako kide gazteenen eskutik Munduko ipuinak, ahoz ahoz ikusteko aukera izango da 17:30ean, eta 20:30ean, Pinus Sylvestris izango da ikusgai. 

Hilaren 27an, bestalde, Dejabu konpainiaren txanda izango da, eta joan zen otsailean Donostiako Antzerki Saria irabazi zuen Itzulera taularatuko du taldeak.

Hilaren 28an izango dira azken emanaldiak, eta umeei zein familiei zuzendutako saioek hartuko dute egun hori: Bunkerra taularatuko dute Eromeneko nerabeek 17:30an, eta 19:00etan agurtuko dute Zestoako Antzerki Astea, Mar-Mar Teatroaren Elara, bidaia bat izarretara lanarekin. 

Sarrerak, datorren astean

Sarrerei dagokienez, datorren asteartetik aurrera erosi ahal izango dira Zestoako Turismo Bulegoan. Hurrengo ostiralean, hilaren 5ean, informazio gunea ere jarriko dute kalean, eta hor ere erosteko aukera izango dute herritarrek. Azkenik, hilaren 6an Internetez salduko dituzte, Entradiumen. Antolatzaileek antzerki asteko bonuak ere jarriko dituzte eskuragarri 25 eurotan, eta adin txikikoek erdi prezioan erosi ahal izango dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide