Iaz bizi izandako esperientzia ona tarteko, Zestoako Gaztelekuko nahiz Agiro mendi elkarteko kideek aurten ere txangoa antolatzeko bilera egingo dute ostegunean, 18:30ean, Gaztelekuan. Udako asteburu batean egin nahi dute DBHko ikasleek mendi ibilaldia, eta hain zuzen, horretaz hitz egingo dute osteguneko bilkuran.
Iaz antolatu zuten DBHko ikasle talde batek eta Agirok mendi irteera lehen aldiz, Gaztelekuko ordezkarien laguntzarekin. Hain zuzen ere, Deba-Lastur mendi ibilaldia egin, Lasturko aterpetxean gaua pasatu, eta hurrengo egunean Lasturdik Itziarrera egin zuten txangoa. Bidean, gainera, Arbil haitzuloa bisitatu zuten, baita Arbil, Saltsamendi eta Andutz gailurretara igo ere.