Herriko haurren eta nerabeen ongizatea bermatzea xede duen Amets Sarea egitasmoa jarri dute martxan Zestoan. Azken boladan eskoletan, osasungintzan, gurasoen bueltan nahiz aisialdiko eta hezkuntza ez formaleku espazioetan "hainbat joera kezkagarri" agertzen hasi direla eta, Zestoako Udalak erabaki du haurrekin eta gaztetxoekin modu batera edo bestera harremana duten eta kezkatuta dauden eragileekin eta norbanakoekin biltzen hastea eta egoera iraultzeko talde eragilea sortzea.
Pantailen gehiegizko erabilera, euskara maila baxua eta gaztelaniaz aritzeko joera handiagoa, kontzentrazio falta, umeen arteko harreman sare itxiak, ikaste prozesuetan porrotak... identifikatu dituzte herriko haurren eta gaztetxoen artean. Amets Sarea ikasturtearen hasieratik ari da egoera horiei buelta emateko asmoarekin, eta hilabeteotan egundako bileretan haurraren garapenari begira kontuan izan beharreko hainbat gai aztertu dituzte: herri kohesioa, euskara, familiak, jolasak, irakurtzearen garrantzia, sozializazioa, estimulazioa, pantailak, euskara, emozioak... Gai horiek denak bi taldetan landuko dituzte aurrerantzean: batetik, harrera landuko dute, eta bestetik, guraso eskola.
Udala dinamizatzaile lana ari da egiten egitasmoaren barruan, eta azaldu duenez, taldeari bidea erraztea nahi du, baliabideak eskaintzea. "Norabideak taldea erabakitzen du, eta taldekide guztien hitzek pisu bera dute. Guztira hogei lagun inguruk osatzen dute Amets Sarea taldea: osasun arloko profesionalek, herriko hiru eskoletako ordezkariek, haurreskolakoek, guraso elkarteetakoek, Gazteria zerbitzukoek, euskara arlokoek, liburutegikoek eta udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikariek.
Udalak azaldu duenez, "argi zuten" joera kezkagarri horiek eragileek elkarrekin landu behar dituztela, eta horregatik erabaki dute denek aterki beraren azpian eta loturarekin lantzea. "Gaur egun arazoak 8 eta 10 urte bitarteko umeetan ikusten baldin badira, lanketa lehenago egin behar da, hau da, prebentzioan jarri behar dela indarra. Horregatik, 0 eta 6 urte bitarteko haurrengan eta beraien familiengan eragiten saiatuko gara", adierazi du udalak.
Hitzorduak prest
Amets Sarea egitasmoaren barruan, hainbat egitasmo prestatuta dituzte dagoeneko. Ekainaren 11n izango da lehen hitzordua; 0 eta 2 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzenduta Azalerako ipuinak egitasmoa egingo dute. Saioan parte hartzeko izena eman beharko da gaurtik ekainaren 5era bitartean.
Bestalde, datorren ikasturtera begira, Osasun Eskola izeneko egitasmoa jarriko dute martxan. Egitasmo hori bi hilabetean behin egingo dute; gurasoek kezka pizten dieten gaiez hitz egiteko kafe tertuliak izango dituzte.
Horrez gain, haurrak eskolan dauden bitartean, gurasoentzako euskara eskolak ikastetxean eskaintzeko aukera aztertu nahi dute. Halaber, aurrera begira beste hainbat egitasmo martxan jartzea nahi dutela ere esan dute.