Pazko Jaiak dira gaur Aizarnan, eta festa egunerako Aizarnako Herri Elkarteak antolatutako ekintzak dituzte. Bazkalordura arte artisau postuak eta haurrentzako txokoak izan dira. Postuetan esku lanak, arrautzak, marmeladak, ogia, ukenduak, pitxiak, arropa, poltsak, apaingarriak, jolasak eta abar erosteko aukera izan da. Haurrek, berriz, txoko ugari izan dituzte ondo pasatzeko: malabareena, marrazkiena... Gainera, haurrek ere postuak jarri dituzte beraiek egindako bitxiak, opilak, bizkotxoak edota laranja zukuak saltzeko.
Postuekin azoka egiten zen bitartean, herri elkartekoek arkumea erretzen eduki dute plazaren alde batean. Goizeko 10:30ean jarri dute arkumea erretzen eta bazkaordura arte izan dute sutan; 150 bat lagunentzako prestatu dutela esan dute. BItartean, sagardoa txotxetik edateko aukera ere egon da.
Arkume errearekin herri bazkaria egin ostean, goiza bezala arratsaldea ere trikitilariek girotuko dute Aizarnan, eta toka eta txapel jaurtiketa txapelketak jokatuko dituzte.