Aizarnako Pazko Jaiak ospatuko dituzte larunbatean

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 21a

Iazko Aizarnako Pazko Jaiak.

Larunbaterako egitarau betea prestatu du Aizarnako Herri Elkarteak. Artisau azoka, haurrentzako txokoa, trikitilariak, arkume errea eta sagardoa nahiz toka eta txapel jaurtiketa txapelketak izango dira, besteak beste.

Larunbatean Pazko Jaiak ospatuko dituzte Aizarnan, eta festa egunerako goizez eta arratsaldez antolatu ditu ekitaldiak Aizarnako Herri Elkarteak. Antolatzaileek ekitaldietan parte hartzera gonbidatzeaz gainera, baserritarrez janztera animatu dituzte herritarrak.

Egitarau betea prestatu du elkarteak larunbaterako, adin guztietako herritarrek jaiaz gozatu ahal izateko. Gainera, egun osoan giroa alaitzen Maitane Iturrioz eta Garazi Larrañaga trikitilariek jardungo dute. 11:00etatik 14:00etara bitartean artisauen postuak egongo dira Aizarnan, eta askotariko eskulanak eta produktuak dastatzeko eta erosteko aukera izango da postu horietan. 11:30etik 13:30era, berriz, haurrentzako txokoa antolatuko dute eskulanak egiteko eta jolaserako.

Arkume errea eta sagardoa

Jan-edanerako tartea ere izango da larunbatean Aizarnako Pazko Jaietan. Izan ere, 14:30etik aurrera, arkume errea dastatzeko eta sagardoa txotxetik edateko aukera jarriko dute. Txartelak egunean bertan jarriko dituzte saltzen.

Bazkalondoan festak segida izango du, hain zuzen ere, trikitilarien doinuan, toka eta txapel jaurtiketa txapelketak jokatuko dituzte parte hartzera animatzen diren aizarnarrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide