Ostegunaz geroztik Asentzio jaietan murgilduta dira Zestoako Endoia auzoan, eta gaur, azken egunean, euskal dantzak izan dira nagusi hango elizaren atarian. Aurretik, meza izan da, eta elizkizuna amaitu denean, hainbat herritar elkartu dira kanpoaldean, Itziarko Andutz dantza taldearen emanaldia ikusteko.
Jan-edanaren tartea heldu da gero, eta horren ondoren, arratsaldean, agurtuko dituzte festak datorren urtera arte, herri kirolen saio batekin.
Ostegunean hasi zituzten asentzioak Endoian, eta ordutik, auzo afaria, pintxo poteoa, mus txapelketa, puzgarriak zein txokolate jana egin dituzte.