Haurren dantza eta trikiti jaialdiekin gozatu dute Arroabean

Mailo Oiarzabal 2026ko maiatzaren 16a

Sanisidroen barruan egin dituzte aurten ikasturte amaierako bi erakustaldiok. Gaur jarraituko dute ospakizunekin, besteak beste, magia ikuskizunarekin eta afariarekin.

San Isidro egunaren bueltan ekitaldi sorta prestatu dute aurten ere Arroabean. Atzo, baserritarren zaindariaren egunean, haurren ikasturte amaierako dantza eta trikiti jaialdiak egin zituzten. Pilotalekuko harmailek betekada hartu zuten, eta ikus-entzuleek txalo beroekin eskertu zituzten Arroabeko haurrek eta gaztetxoek urtean zehar landutako eta ikasitako koreografiak zein musika piezak. Frontoiko ikuskizuna bukatutakoan, berriz, Txara kooperatibakoek mokadutxoa eskaini zuten, dendaren bosgarren urteurrena ospatzeko.

Sanisidroak ospatzen jarraituko dute gaur Arroabean. Gaurkoa izango dute, gainera, egunik beteena. Eta bihar, egitaraua borobiltzeko, argazki rallya egingo dute. Hona hemen, egitaraua:

Gaur, larunbata

 

  • 11:00. Txepetxa.
  • 17:00. Bingoa.
  • 18:30. Magia ikuskizuna: Mariaren kutxa magikoa.
  • 21:30. Herri afaria.
  • Ondoren, Patx DJa.

Bihar, igandea

  • 10:00. Udaberriko VI. Argazki Rallya.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide