Udaberriko Argazki Rallya egingo dute Arroabean maiatzaren 17an

Iraia Oteiza 2026ko apirilaren 30a

Ezkaizto auzo elkarteak Udaberriko Argazki Rallya antolatu du seigarrenez, eta oinarriak zabaldu ditu jadanik. Maiatzaren 17an izango da, igandez, 10:00etatik 13:00etara.

Maiatzaren 17an, igandez, argazki kamerak hartu eta Arroabean ibiltzera gonbidatuko ditu herritarrak beste urte batez Ezkaizto auzo elkarteak. Udaberriko Argazki Rallyaren seigarren edizioa egingo dute egun horretan, 10:00etatik 13:00etara, eta maiatzaren 25ean jakinaraziko dituzte lehiaketaren irabazleak. 

Ezkaizto auzo elkarteak Argazki Rallyaren oinarriak zabaldu ditu jadanik. Horietan zehazten denez, herritarrek bi aukera izango dituzte lehiaketan izena emateko: batetik, egunean bertan Elkargunean, 09:30etik 10:00etara; bestetik, arroako.argazkirally@gmail.com helbidera idatzita. Izena ematerako orduan, zein kategoriatan lehiatuko duten adierazi beharko dute herritarrek, 16 urtetik beherakoan edo helduenean.

Parte hartzaile bakoitzak kamera edo mugikorra eraman beharko du rallyra, eta kamera erabiliko dutenen kasuan, memoria txartela hutsik dagoela egiaztatu beharko dute lehiaketaren aurretik. 10:00etan hasiko da rallya, kontrolerako argazki batekin, eta hurrengo hiru orduetan, parte hartzaileek ibilaldi bat egingo dute Arroabean zehar. Geldialdiak egingo dituzte auzoko txoko jakin batzuetan, antolatzaileek zehaztutako lau gaietan oinarritutako argazkiak egiteko. 13:00etan egingo dute azken argazkia, eta horren ostean, Elkargunean prestatutako ordenadore batera deskargatu beharko dituzte egindako argazkiak, gehienez ere 38 parte hartzaile bakoitzeko.

Gerora, parte hartzaileek gai bakoitzerako aurkeztu nahi duten argazkiak aukeratzeko denbora izango dute, maiatzaren 24a arte. Hori izango da argazkiak arroako.argazkirally@gmail.com helbidera bidaltzeko azken eguna. Irudi guztiak JPG formatua izan beharko dute.

Irabazleak, maiatzaren 25ean

Epaimahaia osatuko duten hiru pertsonek aukeratuko dituzte Udaberriko Argazki Rallyaren irabazleak, eta maiatzaren 25ean jakinaraziko dituzte. Sari banaketa, halaber, maiatzaren 29an egingo da, ostiralez, 19:00etan.

Bosna sari banatuko dituzte kategoria bakoitzean (16 urtetik beherakoak eta 16 urtetik gorakoak): sari bana hiru bilduma onenei, beste bat dibertigarrienari edo artistikoenari, eta herri botoaren saria. Azken hau Arroabeko bizilagunek erabakiko dute, online bozketaren bidez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide