Zestoak tentsiopeko eremu izendapena du

Ane Olaizola 2026ko apirilaren 27a

Mikel Arregi Zestoako alkatea, Denis Itxaso sailburua, Teo Alberro Pasaiako alkatea eta Maider Morras Arrasateko alkatea, gaur, aurkezpenean. (Eusko Jaurlaritza)

Izendapenaren iragarkia Espainiako Aldizkari Ofizialean kaleratu den egun berean, Jaurlaritzak ekitaldia egin du zerrendara batu direnei izaera berria aitortzeko. Izendapen horri esker, udalak hainbat neurri ezarri ahal izango ditu etxebizitzaren arloan. Mikel Arregik azaldu du lau ardatzetako ekintza plana osatzeko asmoa duela, zeinak etxebizitza babestuen parkea handituko lukeen; gaur-gaurkoz, etxebizitzen %97 libreak dira Zestoan. 

Gaur argitaratu dute Espainiako Aldizkari Ofizialean (BOE) Zestoako tentsiopeko eremu izendapenaren iragarkia Pasaiakoarekin eta Arrasatekoarekin batera, eta Eusko Jaurlaritzak ere gaur goizean egin du hiru udalerri horiek Bizitegi Merkatu Tentsionatuko Gune (BMTG) izendatzeko ekitaldia. Horrenbestez, izendapen bera duten Gipuzkoako beste hamahiru udalerriren zerrendara —tartean da Zumaia— batu da Zestoa, eta bihar bertan sartuko da adierazpena indarrean: hain zuzen, izendapen horri esker udalak hainbat neurri ezarri ahal izango ditu alokairuaren prezio legez mugatzeko, "etxebizitza eskuragarrien" eskaintza handitzeko eta etxebizitza eskuratzeko "zailtasunen aurrean herritarren babesa" indartzeko; Zestoan dauden 1.859 etxebizitzei eragingo die neurri berri horrek. 

Jaurlaritzak Donostian duen Gipuzkoako ordezkaritzan elkartu dira Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua eta izendapena jaso duten hiru udalerrietako udal ordezkariak, tartean Mikel Arregi Zestoako alkatea, eta hango egoeraren berri eman du azken horrek; batetik, azpimarratu du Zestoa demografikoki "oso sakabanatuta" dagoen udalerria dela, auzo ugari biltzen baitituelako bere barruan, hala nola Arroabea, Arroagoia eta Aizarna. Hain zuzen, auzo gehienetan bizitegi eskaintzarik ez dagoela azaldu du alkateak, eta egoera horrek bultzatzen duela Zestoako herrigunea are gehiago tentsionatzea. Bestetik, adierazi du Zestoak "bizitegi-presio handia" duela bere kokapenagatik, kostaldetik Urola Erdira sartzeko "atea" baita, eta horrek are gehiago tenkatzen du herrigunea eskaintza faltaren aurrean. "Gainera, soluzio berririk gabe, belaunaldi gazteek alde egin beharko dute, eta horrek herria zahartzea ekarriko du", ohartarazi du alkateak.

Hain zuzen, hazkunde demografiko iraunkorreko eta eskualdeko ingurunean betetzen duen zereginaren eraldaketako testuinguruan txertatu dute Zestoa tentsiopeko eremu. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, azken urteetan %22,6 igo da hango biztanle kopurua, eta datozen urteetan herriak hazten jarraituko duela aurreikusten dute. Ordea, azaldu dute herriko etxebizitza parkea ez dela biztanleriaren erritmo berean eboluzionatu, eta horrek "desoreka" eragin duela etxebizitzaren gaineko eskaintzaren eta eskariaren artean. 

Bestalde, etxebizitzari lotutako Zestoako argazkia egin dute gaurko aurkezpenean: erakundeen esanetan, udalerriak 1.859 etxebizitza ditu gaur-gaurkoz, eta batez beste 46 urte baino gehiago dute horiek. Horrez gain, babestutako etxebizitzen kopurua oso txikia da (%2,5), alokairu eskaera da nagusi (314 eskaeretatik %71,6), eta gazteak zein pertsona bakarreko unitateak dira etxebizitza gehienak betetzen dituztenak. Hain zuzen, erakundeen arabera, horrek agerian uzten du bizitegien premiak aldatu egin direla.

Zestoako beste datu azpimarragarri bat ere eman dute ordezkariak: etxebizitza guztien bosten batek ez du erroldatutako pertsonarik, eta hamarretik etxebizitza bat hutsik dago. Erakundeen arabera, Gipuzkoako batez bestekoaren gainetik dago Zestoako zenbateko hori, eta horrek "aukera handia" ematen du etxebizitzak alokatzeko bidean sakontzeko. 

Lau ardatzetako ekintza plana

Egoera hori izanik, lau ardatz izango lituzkeen ekintza plana osatzeko asmoa du Zestoako Udalak, alkateak jakinarazi duenez, eta proiektu horrek gaur egun 47 unitatekoa den etxebizitza babestuen parkea "pixkanaka" handituko luke, alokairu sozialari "arreta berezia" jarrita. Hain zuzen, prezio mugatua izango lukeen "nahikoa etxebizitza" sortu nahi du epe ertainean, neurriak merkatu librean eragina izan dezan eta prezioen igoera zuzentzeko xedearekin. Horrez gain, sustapenari dagozkion hainbat jarduera ere aurreikusi du udalak, eta horien artean nabarmenena da Arroabeko Rezola eremua berraktibatzea: erakundearen arabera, esparru horretan 35 etxebizitza eraiki daitezke, eta hasiera batean merkatu libreko etxebizitzak egitea aurreikusita bazegoen ere, erakundearen asmoa da orain proiektua alokairuko etxebizitza babestuetara bideratzea, Jaurlaritzarekin elkarlanean. 

Udalarenak diren hainbat lurzorutan etxebizitza babestu berriak sustatzea ere bada erakundearen asmoa, eta beste erakundeen arteko lankidetza formula baliatuta, alokairu sozialera bideratutako hamabi etxebizitza sortu nahi ditu gutxienez erakundeak. Bide horretan, alkateak gogoratu du Alde Zaharreko bi eraikin erosi eta eraitsi berri dituela udalak, han alokairu sozialerako etxebizitzak eraikitzeko helburuarekin. “Beste leku batzuetan hamar etxebizitza gehiago sortzeko aukera ere badago. Horiek ere alokairura bideratuta egongo lirateke, eta beraz, guztira 57 etxebizitza berriri buruz ari gara hizketan”, gaineratu du.

Bestalde, etxebizitza hutsen arazoari aurre egiteko hainbat asmo ere iragarri ditu Arregik: udalak errolda bat osatuko du, eta parke hori aktibatzeko neurriak aplikatuko ditu. Hain zuzen, metro koadroko hamar euroko kanona jartzeko asmoa azaldu du, "pixkanaka" gehituko lukeena. Horrez gain, Bizigune gisako bitartekaritza zein birgaitze jarduerak bultzatu nahi ditu, eta merkataritza lokalak etxebizitza gisa erabiltzea ahalbidetzen duen udal ordenantza ere indarrean dagoela gogoratu du alkateak.

Batez ere gazteei zuzendutako laguntzek osatzen dute ekintza planaren beste ardatzetako bat. Izan ere, erakundeen ustez, udalerria tentsiopeko eremu izendatzeak aukera emango du merkatuan esku hartzeko, kontratu berrietan errentak mugatuz, erreferentzia indizeak ezarriz eta ezohiko luzapenak ezarriz, era horretan, pixkanaka, prezioak egonkortzeko eta maizterrak babesteko.

Zerrenda handitzen

Zestoa, Arrasate eta Pasaia zerrendara batuta, Gipuzkoak dagoeneko 13 udalerri ditu tentsiopeko eremu izendapenarekin. Hau da, lurraldeko biztanleriaren erdia baino gehiago alokairu merkatua arautzen duen neurriaren pean bizi direla adierazi dute ordezkariek. "Zerrenda horri gaur egun izapidetzen ari diren espedienteak —tartean, Orio— gehitzen bazaizkio, estaldura gipuzkoarren % 64,2ra iritsiko litzateke, 465.585 biztanlerengana", adierazi du Itxasok.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan, berriz, 17 dira izendapena duten udalerriak, eta ildo horretan, sistema hori "erabat martxan" dagoela azpimarratu du sailburuak, joan den asteartean Bizkaia eta Arabarako erreferentziazko prezioen indizeak argitaratu ondoren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide