Zestoa eta Urepele oinez lotzen dituen ibilbidea jasotzen duen zestoaurepele.eus webgunea aurkeztu dute goizean; hala, Zestoaren eta Urepeleren arteko senidetze proiektuaren barruan aurreikusitako bost helburuetan azkena bete dute. CodeSyntax enpresa arduratu da webgunea egiteaz, eta haren aurkezpenean izan dira Mikel Arregi Zestoako alkatea, Mikel Irure Zestoako Agiro mendi klubeko ordezkaria eta CodeSyntax enpresako Luistxo Fernandez eta Oihana Aranbarri.
Xalbapide izena jarri diote bi herriak lotzen dituen ibilbideari, baina bi aukera daude ibilbide hori osatzeko: Uztapide bidea eta Xalbador bidea. Biek tarte amankomunak dituzte, baina toki ezberdinetatik igarotzen dira. Zestoako Manuel Olaizola Urbieta Uztapide, eta Urepeleko Fernando Aire Etxart Xalbador bertsolari eta elkarren adiskide handi zirenen omenez jarri dizkiete izen horiek bi bideei.
Uztapide bidea da ibilbide nagusia. Bost etapatan banatutako 120 kilometroko bidea da, herriz herri doana eta, oro har, erosoagoa. Etapak Andoainen (Gipuzkoa), Goizuetan (Nafarroa), Labaienen (Nafarroa), Artesiagako lepoan (Nafarroa) eta Urepelen (Nafarroa Beherea) amaitzen dira, eta horietako bakoitzak atseden eta hornidura aukerak errazten ditu.
Xalbador bidea, berriz, mendian esperientzia dutenentzat aproposagoa da. Lau etapatan banatutako 113 kilometroko bidea da, Ernio azpitik Tolosa (Gipuzkoa) aldera doana, Belate inguruan (Nafarroa) berriz elkartzeko. Bide honetan doazenek, behin Leaburutik (Gipuzkoa) eta Gaztelutik (Gipuzkoa) igarota, mendiz jarraituko dute eta ez dute gehiago herririk zeharkatuko Urepelera iritsi arte. Hori horrela, ondo hornituta eta lo egiteko beharrezko ekipamenduarekin joatea komeni dela ohartarazi dute. "Mendian ibiltzera ohituta dauden abenturazaleentzako ibilbidea" dela azaldu du Zestoako alkateak.
Bi bideek, ibilbidea bi noranzkoetan egiteko aukera eskaintzen dute, etapa ezberdinetan banatuta.
Euskarazko katrografia lehenetsiz osatu du CodeSyntaxek webgune berria, OpenStreetMap teknologia librea baliatuz. Bi bideen trakak, bestalde, GPX formatuan deskargatzeko moduan jarri dituzte, ibilbidea osatu bitartean gailu eta aplikazio bateragarrietan bidearen mapa gainean eraman ahal izateko.
Era berean, webgune berria ez da soilik ibilbideen informazioa eskaintzeko izango, Zestoa-Urepele senidetzearen inguruko albisteak biltzeko ataria ere izango baita.
Senidetzeari lotutako ekimen gehiago
Zestoako Agiro mendi klubak hainbat irteera egin ditu azken hilabeteetan, Uztapide bidea eta Xalbador bidea etapaz etapa osatzeko eta probatzeko. Orain, bide horiek biltzen dituen webgunea herritar ororentzat erabilgarri egonda, klubak adierazi du aurrera begira bide horietan barrena irteera gehiago antolatuko dituela.
Bestalde, bi herrien arteko harremanak sendotzen jarraituko dute hainbat ekimenekin. Maiatzean, esaterako, Urepeleko haurrak Zestoako ikastetxean izango dira egonaldi batean, bi herrien arteko loturak belaunaldi berrien artean ere indartu ahal izateko.