Jurgi Ekizak (Baiona, 1980) kontzertua eskainiko du bihar, ostiralez, Zestoako Portale tabernan, 19:00etan hasita. Zestoako Udaberri Kulturalaren barruan eskainiko du Ekizak emanaldia. Willis Drummond taldeko abeslariak eta gitarristak taldearen etenaldia baliatu du Argitzalak izeneko bere bakarkako bigarren lana prestatzeko. Hain zuzen ere, disko berria aurkeztuko du bihar, eta rock doinu ezagunetatik haratago, Ekizaren sorkuntza pertsonalagoak entzun ahal izango dira Portalen.
Kontzertua eskainiko duzu bihar Portalen. Nolako emanaldia izango da?
Disko berria kaleratu nuen joan zen abuztuan, Argitzalak izenekoa, eta hura aurkeztuko dut biharko kontzertuan. Esango nuke bakarlari batenak baino taldeko abestiak diruditela diskoko kantuek, instrumentu asko sartu ditudalako horietan, baina kontzertuak instrumentu horiek gabe eskaintzea erabaki dut. Hala ere, emanaldietan ez naiz soilik gitarrarekin abesten aritzen, sistema berezi baten laguntza ere izaten dut, live looping deituriko musika teknikarena; ondorioz, soinu esaldiak denbora errealean grabatu eta erreproduzitzen dira. Akustikotik hasten naiz, baina gauza gehiago gertatzen dira ondoren.
Zaila egin al zaizu musika teknika horrekin lan egitea?
Ez zait zaila egin, baina arazoa da modu horretan ezin ditudala abesti guztiak interpretatu, teknika horrek asko mugatzen nauelako. Baina nik joko bat bezala ikusten dut, eta, beraz, doinuekin jolasean ibiltzen naiz. Zestoako kontzertuan disko berriko abestiak, lehenagokoak nahiz Willis Drummond taldearen beste batzuk eskainiko ditut. Kanta horiek guztiak birmoldatu ditut kontzerturako.
Argitzalak izena jarri diozu disko berriari. Zergatik?
Uste dut gauzak ez direla beti zuriak ala beltzak izaten, argiak ala itzalak; gauza batzuk askotan konplexuagoak dira, eta dena sinplifikatzea ez da beti bidea, baina horixe da bizitza. Ideia ona iruditu zitzaidan argia eta itzala hitzak hartzea, normalean mutur banatan daudenak, eta biak hitz bakar batean elkartzea. Modu horretan, ez dakigu non amaitzen den argia eta noiz hasten den itzala.
Argiak eta itzalak nola bildu dituzu diskoan?
Diskoak akustikoa den alde bat du, gitarrarekin eta ukelelearekin, baina taldearen sentsazioa ere sortzen du beste abesti batzuetan, bateria, baxuak edota teklatuak ere sartu ditudalako. Mugarik ez diot ipini neure buruari, eta sortze lanean bururatzen zitzaizkidan gauzak txertatzen joan naiz.
Euskarazko 11 abestiz osatutako lana da. Batzuk biziki biluziak dira, gitarrarekin eta ahotsarekin, beste batzuek ukitu elektronikoa dute, eta beste batzuk rockeroagoak dira. Sentimenduei eta harremanei buruzko abestiak osatu nahi nituen, nola pertsona bakoitzak sentimendu ezberdinak izaten dituen adieraziz. Beraz, denetik sartu dut.
Esan al daiteke zure lanik pertsonalena dela?
Willis Drummonden diskoekin alderatzen badugu, bai; baina bakarka duela hamar urte atera nuen diskoarekin konparatuz gero, ez hainbeste. Duela hamar urteko diskoa oso iluna zen, fase ilun batean nengoelako edo. Baina ohartu naiz ez naizela arlo ilun hori duen pertsona bakarrik, beste aurpegi bat ere badudala, eta disko berrian nire aurpegi eta alde ezberdinak islatu ditut.
Aurretik taldean aritu zinen, baina gero bakarkako bideari ekin zenion. Nolatan?
Bizitzan izan dudan aldaketa handienetariko bat izan zen, zinez, zerbait oso garrantzitsua niretzat. Gaztetan musika munduan murgildu nintzen, eta 17 bat urterekin jada musika talde batean nengoen. 2004an, berriz, Willis Drummond sortu genuen, eta asko inplikatu nintzen taldean. 2014an etenaldi mugagabea egin genuen, gure aurrenekoa, eta bi urtez egon ginen elkarrekin musika jo gabe. Une hori aprobetxatu nuen nire bakarkako ibilbidea hasteko. Nire burua ezagutzeko balio izan dit bakarkako ibilbideak.
Geroago, berriro taldean elkartu ginen, eta beste proiektu batzuetan murgilduta ere ibili naiz. Tarte horretan bakarkako lana guztiz alboratu nuen.
2024an, baina, beste atsedenaldi mugagabe bat hartu genuen, eta bigarren disko bat egiteko aprobetxatu dut denbora hori. On egiten dit tarteka niretzat denbora hori izateak.
Etorkizunera begira, zer aurreikuspen dituzu musikari lotuta?
Bakarkako proiektuarekin jarraitzeko asmoa dut, eta burutik pasa izan zait nire abestiak jotzeko talde berri bat sortzea ere.
Willis Drummondeko taldekideok, berriz, momentuz ez dugu itzulera datarik jarri eta bakoitza bere proiektuetan murgilduta dabil. 2027 hasieran, baina, taldeak aurreneko diskoa argitaratu zuela 20 urte izango dira, eta polita izango litzatekeen arren, ez dakit ordurako berriro elkartzeko modua izango dugun.