Zestoako ur hornikuntzaren kudeaketa osoaz Gipuzkoako Ur Kontsortzioa arduratuko da aurrerantzean, eta horrek aldaketak ekarriko ditu uraren kontsumoaren eta zaborraren zerbitzuaren ordainagirietan. Hala azaldu du Zestoako Udalak aldaketa: "Orain arte, uraren herriko banaketaz zein bertako hoditeriaren mantenuaz udala arduratu izan da. Aurrerantzean, ordea, lurraldeko udalerri gehienetan bezala, Zestoako ur hornikuntzaren kudeaketa osoaz Gipuzkoako Ur Kontsortzioa arduratuko da. Ondorioz, aste honetan Zestoako etxebizitzetara Gipuzkoako Urak enpresa publikoak igorritako lehen fakturak iritsiko dira".
Uraren kontsumoaren zenbatekoa eta zaborraren zerbitzuena ordainagiri bakarrean jasoko dituzte herritarrek ordain. "Lehen udalak bi kobrantza egiten zituen: batetik, ur kontsumoari zegokiona, eta bestetik, zaborrari lotutakoa. Hemendik aurrera, Gipuzkoako Urak-ek, bi kontzeptuak faktura berean bateratuta bidaliko ditu; alegia, biak batera kobratuko dira", argitu du udalak.
Gainera, atzotik Zestoako udaletxeko beheko solairuan uraren horniduraren inguruko bezeroen arretarako makina martxan dago, 08:00etatik 14:00etara. Udalak zehaztu du, makina horren bidez, bideo deiez, herritarrek titularite aldaketak, ordainagirien inguruko kontsultak, zerbitzuaren bajak... egiteko aukera izango dute. Aurrez aurreko arreta jaso nahi dutenek, berriz, Azpeitiko eta Zumaiako Gipuzkoako Uraken bulegoetara joan beharko dute. Zerbitzua 943-00 22 22 telefono zenbakira deituta edo www.gipuzkoakour.eus webgunearen bidez ere eskainiko dute.