Naroa Agirre pilotariak urrezko hiru domina irabazi ditu Argentinan jokatutako Munduko Txapelketan

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 13a

Naroa Agirre, goiko lerroan, eskuinetik hirugarrena. (EEPF)

Arroabeko pilotariak urrezko hiru domina eta zilarrezko bat lortu ditu euskal selekzioarekin. Esku Pilotako Nazioarteko Konfederazioaren Munduko Txapelketako garaile absolutua izendatu dute euskal pilotarien selekzioa, guztira, zortzi domina irabazi baititu.

Naroa Agirre Arroabeko pilotariak Esku Pilotako Nazioarteko Konfederazioaren Munduko Txapelketa irabazi du euskal selekzioarekin, Mendozan (Argentina). Herrialde horretan jokatu dituzten lau modalitateetan irabazi du dominaren bat Agirrek. Ordea, aipatzekoa da lau modalitateetatik hirutan izan dela Arroabeko pilotaria txapeldun.

Agirrek nazioarteko jokoan, llargues modalitatean eta lau paretetan lortu du txapela. One wall modalitatean, berriz, galdu egin zuen finala euskal selekzioak Herbehereen aurka. Arroabeko pilotariak ez du finaletan parte hartzerik izan, baina bai kanporaketa faseko partidetan, finalera iristeko ezinbestekoak izan diren norgehiagoketan. 

Emakumeek bezala, gizonen euskal selekzioak ere lau domina irabazi dituzte Argentinan. One wall modalitatean irabazi du urrea, zilarra nazioarteko jokoan eta lau paretetan, eta brontzea eskuratu du llargues modalitatean. Euskal selekzioko pilotariek nagusitasun handia erakutsi dute bai gizonetan, bai emakumeetan, eta hala, txapelketako garaile absolutuak izan dira.

Emaitzak "bikainak" izan direla nabarmendu du Euskadiko Euskal Pilota Federazioak. Guztira, 50 partida jokatu behar izan dituzte, eta gizonen zein emakumeen taldeen artean, lau urre, hiru zilar eta brontze bat eskuratu dituzte. "Zaila da gehiago eskatzea. Txapelketa bikaina egin dute gureek, eta hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu Mendozan gurekin izan diren euskaldun guztiei, baita Euskal Herritik babesa bidali duten guztiei ere. Hurrengoan are hobeto egiten saiatuko gara", adierazi du federazioak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide