32 lan aurkeztu dituzte Arroabeko ipuin lehiaketara

Nerea Uranga 2026ko martxoaren 26a

Arroabeko zortzigarren ipuin lehiaketaren sari banaketa atzo. (Maddi Txintxurreta)

Iaz baino bost lan gehiago aurkeztu dira Ezkaizko auzo elkarteak antolatutako ipuin lehiaketara. Epaimahaikideek lanen maila orokorra goraipatu dute, eta irabazleak aukeratzea "bereziki zaila" egin zaiela adierazi dute.

Atzo arratsaldean, 24. Korrika Arroabetik igaro aurretik banatu zituzten Arroabeko zortzigarren ipuin lehiaketako sariak. Aurten ere, Ezkaizto auzo elkarteak antolatu du sariketa, Arroako eskolak lagunduta.

Lau mailatan banatuta, 32 ipuin aurkeztu dituzte herritarrek aurtengo ediziora, iaz baino bost gehiago. Antolakuntza pozik agertu da emaitzarekin, "32 auzotar jarri direlako folio txuriari irudimenarekin aurre egiten", esan du.

Lehiaketako epaimahaia Joseba Ossa eta Dani Aizpurua itzultzaileek eta Jone Carbonell eskolako irakasleak osatu dute, eta haiek lehiaketaren maila orokorra goraipatu dute, eta sairidunak aukeratzea "bereziki zaila" egin zaiela adierazi dute. "Gainera, tartean egungo gai interesgarriak eta barne sentimenduak landu dituzte", gaineratu du epaimahaiak.

Honako hauek dira sarituak:

  • LH 1-2 mailan, Haitz Mujikaren Baserrian saritu dute. "Hurbileko istorioa ondo kontatu duelako, misterioa amaieran egoki argituz", adierazi du epaimahaiak.
  • LH 3-4 mailan, Nire lagunak ez du euskaraz hitz egiten izan da saritua, June Egañarena. "Ipuin xamurra" iruditu zaie epaimahaiko kideei, "era politean idatzia, tartean denbora salto bat duelarik".
  • LH 5-6 mailan, Mara Giustiren Izenbururik gabeko liburua saritu dute. "Istorio benetan originala da, ikuspegi oso berezia erakusten duena, jario handia erakutsi du egileak eta liburuekiko maitasuna", nabarmendu du epaimahaiak. Maila honetan, aipamen berezia egin nahi izan du epaimahaiak, Izar Iribarren Esperimentu magikoa lanari.
  • Helduen mailan, Maria Iribarren 12 pauso ipuina aukeratu dute saridun. "Egin nahi eta egin behar denaren arteko gatazka kontatzen du, eszena labur bezain indartsuan, norberari atsegin ematearen mugak. Hizkuntza aberatsa dauka", adierazi dute epaimahaiko kideek. Maila honetan ere aipamen berezia eman dute, Miriam Aizpururen Eraldeten bira lanari.

Apirilaren 22an irakurketa

Aurreko urteetako ohiturarekin jarraituz, lehiaketara aurkeztutako ipuin guztiekin liburuxka osatu du Ezkaizto auzo elkarteak, eta Txara dendan jarri dute eskuragarri, auzotarrek txandaka irakurtzeko aukera izan dezaten. Lehiaketan parte hartu duten ipuinen irakurketa apirilaren 22an egingo dute, Ipuinen katea izeneko ekitaldian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide