Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdiak Zestoan egin zuen parada atzo, asteazkenez. Euskal Herriko ipuin kontalariak eta atzerriko gonbidatuak –Espainia, Kolonbia, Grezia, Italia, Kuba eta Perukoak, aurten– nahasten ditu jaialdiak emanaldi askotan, eta horren adibide izan zen Zestoakoa: Aldo Mendez kubatarrak gaztelaniaz eta May Gorostiagak euskaraz, helduei zuzendutako ipuin kontaketa saioa eskaini baitzuten Udal Liburutegian, 19:00etan hasita. Herritar bat baino gehiago bertaratu zen liburutegira, ipuin kontaketez gozatzera.
Otsailaren 16an hasi zen ahozkotasunaren bueltan Euskal Herrian antolatzen den jaialdirik handienaren 2026ko aldia, eta martxoaren 21ean bukatuko da. Tolosan eta Ordizian (Gipuzkoa) hasi ziren egiten Ahoz Aho, baina Hego Euskal Herriko beste hainbat herri eta hiritara zabaltzen joan dira, eta orotara 41 saio egingo dituzte hamazazpi herritan, tartean Zestoakoa.