Paperezkoak egitasmoaren zapatuko saiorako eta apirileko sormen tailerrerako izen emateak, amaitzear

Mailo Oiarzabal 2026ko martxoaren 24a

Zestoako Udal Liburutegia. (Guka)

Martxoaren 28an, 11:30ean egingo dute 2 eta 5 urte arteko haurrak liburuetara gerturatzeko hil honetako saioa; eta apirilaren 9an, berriz, LHko 1. eta 2. zikloetako ikasleei zuzendutako Jolastuko al gara? tailerra. Liburutegian izango dira biak, eta etzi bukatuko da bietan izena emateko epea.

Etzi, martxoak 26, bukatuko da datozen egun eta asteetan Zestoako Udal Liburutegian gauzatuko dituzten bi ekintzatarako izena emateko epea.

Datorren zapatuan, martxoak 28, egingo duten Paperezkoak egitasmoaren barruko saiorako izen ematea da bata. Larunbatean, 11:30ean hasiko da liburutegian ipuinen, jolasen eta abarren bidez 2 eta 5 urte arteko haurrak liburuetara gerturatzea xede duen egitasmoaren hil honetako hitzordua.

Apirilaren 9an, berriz, Pazko Asteko ostegunean eta 10:00etatik 12:00etara, Jolastuko al gara? izeneko sormen tailerra emango dute liburutegian, Hitzetik Loratu egitarauaren barruan, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. zikloetako ikasleei zuzenduta. Jolastuz, idatziz, marraztuz eta eskulanak jorratuz, beren liburuxkak sortzeko aukera izango dute tailerreko parte hartzaileek.

Aste honetako zein apirilaren 9ko saioetarako izena emateko epea etzi bukatuko da, eta interesa dutenek liburutegian bertan eman behar dute izena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide