Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdia Zestoara iritsiko da bihar, asteazkena. Tolosan eta Ordizian (Gipuzkoa) hasi ziren egiten Ahoz Aho, baina Hego Euskal Herriko beste hainbat herri eta hiritara zabaltzen joan dira, eta Zestoa dago aurtengo egitarauko 41 saioetako bat hartuko dutenen hamazazpiko zerrendan.
Bihar, asteazkena eta martxoak 25, izango da Ahoz Ahoren Zestoako hitzordua. Euskal Herriko kontalariak eta atzerriko gonbidatuak –Espainia, Kolonbia, Grezia, Italia, Kuba eta Perukoak, aurten– nahasten ditu Ahoz Ahok emanaldi askotan, eta horren adibide izango da Zestoakoa: Aldo Mendez kubatarrak gaztelaniaz eta May Gorostiagak euskaraz, helduei zuzendutako ipuin kontaketa saioa eskainiko dute bihar Udal Liburutegian, 19:00etan.
Otsailaren 16an hasi zen ahozkotasunaren bueltan Euskal Herrian antolatzen den jaialdirik handienaren 2026ko aldia, eta martxoaren 21ean bukatuko da. Aipatutako herriz herriko 41 saioez gain, datorren zapatuan, martxoaren 28an, Euskal Kontalarien X. Topaketa egingo dute Tolosan.