Pello Mari Otaño Zizurkilgo (Gipuzkoa) olerkari eta bertsolariaren bizitza kontagai duen Ombuaren itzala filma eskainiko dute ostiralean, hilak 13, Zestoako Kultur Etxean. Patxi Bisquert filmaren zuzendaria ere bertan izango da. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrera doakoa izango da.
Ombuaren itzala filmak, zehazki, Pello Mari Otañoren bizitzako azken 20 urteak ditu kontagai, eta Patxi Bisquertek idatzi, zuzendu eta ekoitzi du lana. Joseba Usabiaga eta Sara Cozar dira filmaren protagonistak, eta horiekin batera daude Ramon Agirre, Iñaki Beraetxe, Klara Badiola, Maia O'Brien, Hodei Arrastoa eta Asier Sota aktoreak zein Anjel Mari Peñagarikano eta Oihana Iguaran bertsolariak ere. Filma auzolanean ekoitzi dute; Euskal Herriko ehundik gora udal, kultura elkarte, ikastetxe nahiz tokiko hedabidek parte hartu dute ekoizpenean. Argentinako, Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat txokotan filmatu dute ikus-entzunezkoa.