Irakurle Gazteen Klubak 'Wafa' kantaren bideoklipa aurkeztuko du larunbatean

Julene Frantzesena 2026ko martxoaren 9a

Hainbat lagun, Irakurle Gazteen Klubeko hitzordu batean, iaz. (Utzitakoa)

Irakurle Gazteen Klubeko ikasleek Tapia eta Leturiaren kantaren bideoklipa ondu dute, herriko musikari hainbaten nahiz Fundizio musika elkarteko kideen laguntzarekin. Larunbatean, 19:30ean egingo dute aurkezpena, Gurutzeaga frontoian.

Irakurle Gazteen Klubak Tapia eta Leturiaren Wafa abestiaren bideoklipa ondu du, eta hain zuzen ere, lan horren aurkezpena egingo dute larunbatean, 19:30ean, Gurutzeaga frontoian. Eguraldi txarra egiten badu, baina, Kiroldegiko aterpean gauzatuko dute ekitaldia.

Klubeko kideek herriko musikari hainbaten nahiz Fundizio musika elkarteko kideen laguntzarekin egin dute Wafa kantaren grabazioa. Zehazki, Palestina, zure miña liburua irakurri dute LH 3. mailako klubeko ikasleek –bi talde dira ikasturte honetan martxan; LH 3. mailakoena eta LH 2. mailakoena–, eta irakurraldi horren bueltan sortu zitzaien bideoklipa grabatzeko ideia.

Larunbatean, lana aurkezteaz gain, haurrek egindako pultserak nahiz txapak banatuko dituzte, borondatearen trukean. Bildutako dirua Gazara abiatzekoa den flotillara bideratuko dute.

Wafa Idris erizain eta militante palestinarraren memoria ohoratzeko sortu zuen Tapia eta Leturiak Wafa kanta, eta 2002an kaleratu zuen Hain zuzen diskoan jaso zuen. Palestinako Ilargi Gorrian aritu zen boluntario Idris, eta 2002an, 28 urterekin, bere burua bonba batekin zartarazi zuen Jerusalemen. Halako ekintza bat egin zuen lehen emakume palestinarra izan zen, eta hildako bat eta hainbat zauritu eragin zituen. Palestina ordurako sufritzen ari zen kolonizazioa eta sarraskia salatzea zituen helburu Idrisek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide