Otsaileko azken astearte epelean, bazkalondoko eguzki printzak jasotzeko kalera edo pasierara irten beharrean, Alonderoko areto ilunduan elkartu dira 30 bat lagun 15:30erako. Ilunduta dago aretoa, hain zuzen, kanpoko eguzki printzak proiektorearen eginbeharrerako oztopo izan ez daitezen. Proiektorea eta hura gidatzen Mikel Irure lagun dituela, herriko historiaren gaineko hainbat kontu aletzen hasteko pronto dago Jexux Odriozola, Zestoa Osasuntsu egitasmoaren barruan antolatu duten Zestoa ezagutuz. Erdi Arora arteko zenbait ohar hitzaldian.
Nagusiki adineko pertsonen artean ariketa fisikoa sustatzeko egitasmoa izan arren, bada hori baino gehiago ere Zestoa Osasuntsu, eta horren erakusle da herenegungo hitzaldia. Herrian eta inguruetan antolatzen dituzten ibilaldiak dira Zestoa Osasuntsuren barruko ekintza ohikoenak, baina hitzaldiak eta bestelako ekintzak ere egiten dituzte tarteka, Zestoa Zaintza Sarearen atal bihurtutako egitasmoan. "Hilero egiten dugu irteera bat motza, ezintasunen bat edota mugitzeko arazoren bat dutenekin bereziki pentsatuta, eta bestea luzexeagoa; inportanteena lehendabizikoa da. Horiekin batera, pentsatu genuen fisikoa lantzeko ekintzak ez ezik, bestelakoak eskaintzea ere ondo egongo zela", azaldu du Odriozolak. Horrela hasi ziren hitzaldiak-eta antolatzen.
Orain arte, aparteko saio horietan landu izan dituzten gaiak ere zaintzarekin edota osasunarekin lotutakoak izan dira, eta horri beste katebegi bat eranstea erabaki dute. "Aipatu genuen, asmo handiegirik gabe, baina Zestoako kontu batzuk aipatuz hitzaldi bat antola genezakeela. Eta neu hor nabilenez, 'ba egin ezazu zeuk', proposatu zidaten, eta horrela egin dut", zioen herenegun Odriozolak, ikus-entzuleen txalo zaparrada batekin bere jarduna bukatu berritan.
Izan ere, Odriozolak badu eskarmentua jendaurreko hizketaldietan: irakaslea izan zen urte luzez, eta, gainera, badu dibulgaziorako erraztasuna ere; Zestoako Musika Bandaren emanaldietan ere berak egin ohi ditu beti aurkezle lanak. Historialaria, ordea, ez da, eta argi utzi nahi izan zuen hori asteartean: "Aipatu ditudan datu gehienak dira Iñaki Azkunerenak eta Bizente Davilarenak. Nik bilketa lana egin dut".
Herri "pobre" aberatsa
Bilketa lana, eta ez txikia. Hitzaldiak iraun zuen ordubeteak ez zuen ematen sakontasun handietarako biderik, eta hitzaldiaren asmoa ere ez zen hori, baina gai eta aro ugariren errepasoa egin zuen Odriozolak Alonderon.
Zestoaren historia, bereziki Erdi Aro aurrekoa, zen hitzaldiaren izenburuak iradokitzen zuena, baina gaur egungo herritik abiatu zituen azalpenak Odriozolak. Gaur egungo Zestoaren mugak, herriko lurretan eta mugetan dauden tontorrik aipagarrienak, udalerriko baserri altuena zein den edota biztanleria izan zituen hizpide. Azken horrekin lotuta primizia-edo eman zuen, gainera: Zestoak lau mila bizilagunen langa gainditu duela jakin du Odriozolak hitzaldia prestatzeko lanei esker.
Gainerakoan, historiaurreko aztarna ugari eta aberatsei gainbegirada eman eta erromatarren aztarna argirik ez dela aurkitu ondorioztatuta, Zestoako hiribilduaren sorreraren –1383– aurrekariak eta ondorengoak landu zituen nagusiki Odriozolak. Gaztelako erregeak Aizarnako parrokiaren eskariz hiri agiria eman zion hasierako Zestoa hark 1,3 hektarea besterik ez zituen; gaur egungoak, 43,69 kilometro koadro.
"Zestoa herri pobrea izan da beti historian zehar, txikia eta ekonomikoki ez oso indartsua. Gaur egun hobetuta gaude", esan zuen Odriozolak hitzaldian, baina zer kontatua baduen herria ere bada Zestoa. Herrigunearen bilakaerari eskainitako hitzaldian, kontu asko kanpoan utzi behar izan zituela zioen Odriozolak, penatxoarekin. "Momentuz", baina, herenegungoak ez du jarraipenik edo bigarren zatirik izango.