Martxoaren 15ean egingo dute Zestoako Herri Krosaren 46. edizioa

Julene Frantzesena 2026ko otsailaren 23a

Bi lasterkari duela bi urteko proban. (Intza Trula)

Iñaki Iruretaren oroimenez egiten duten probaren 46. edizioa izango da aurtengoa. Egun horretan 10:00etan hasiko dira lasterketak, eta proba nagusia 11:30ean izango da. Lasterketa horretarako izen ematea zabaldu dute dagoeneko.

Zestoako Herri Krosaren aurtengo edizioak badu data: martxoaren 15ean, igandez, egingo dute. Iñaki Iruretaren oroimenez egiten duten probaren 46. edizioa izango da udalak eta Zestoako Atletismo Taldeak antolatutakoa, eta umeek nahiz helduek parte hartzeko aukera izango dute.

Egun horretan 10:00etan hasiko dira lasterketak, eta mailaz maila, herrigunean nahiz herri inguruan gauzatuko dituzte ibilbideak. Lasterka nagusia, berriz, 11:30ean hasiko da; ibilbide luzea, 8.630 metrokoa, eta motza, 2.770 metrokoa. Proba bakoitzean sailkapeneko lehen neska-mutilek jasoko dituzte sariak, baita aurreneko zestoarrek ere.

Dagoeneko zabaldu dute proba nagusian izena emateko epea. Herrikrosa webgunean eman daiteke izena, hamar euro ordainduta. Antolatzaileek herritarrei lasterketan parte hartzeko deia egin diete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide