Ireki dute santakutzetako karroza egiteko lehiaketarako izen-ematea

Maialen Etxaniz 2026ko otsailaren 20a

Zestoan bizi den 18 urtetik gorako edozein pertsonak, banaka edo taldean, parte hartu ahal izango du lehiaketan, epaimahaikoek izan ezik. Izena emateko azken eguna martxoaren 5a izango da. 

Maiatzaren 3an, Santa Kutz egunez, urtero egiten den haurren danborrada izango da Zestoan, eta ohiturei jarraiki, Zestoako Udalak bertako karroza egiteko lehiaketa jarri du martxan. Lehiaketa publikoa eta irekia izango da, eta Zestoan bizi den edonork –epaimahaiko kideek izan ezik– parte hartu ahalko dute lehian, taldean zein banaka. 

Gaia aukeratzeko garaian kontuan hartu beharko da, lehendabizi, umeen danborradarako izango dela eta, ondorioz, ume eta gaztetxoen esparruko gaiek lehentasuna izan behar dutela. Gaia librea den arren, "izaera integratzailea" eduki beharko du. Udalak azaldu duenez, edozein pertsona edo erakundeekiko konnotazio sexistak, xenofoboak, arrazistak edo iraingarriak dituzten lanak baztertu egingo dira.

Irabazleak 2.000 euroko diru saria jasoko du, eta karroza egiteko udalak emandako lokala probestu ahal izango du. 

Helburuak eta zereginak

Zestoako Udalak, karroza lehiaketaren bidez, "gai eta ikuspegi anitzak plazaratzea" du helburu, baita "sormenerako abilidadeak dituztenei aukerak ematea" ere.

Honako lan hauek egin beharko dituzte karrozaren egileek: karroza ideiatzea eta diseinatzea maketa baten bidez, karroza egitea, karrozak inguruan behar dituen pertsonaiak bilatzea eta haien jantziez eta abarrez arduratzea eta danborrada egunean, karrozaren segurtasunerako behar diren pertsonak lortzea.

Epaimahaia Zestoako Udaleko Kultura, Euskara, Kirola, Kulturartekotasuna eta Jai batzordeak osatuko du. Horiek "lanaren zuzentasun teknikoa, gaiari lotuta egotea, originaltasuna eta freskotasuna" baloratuko dituzte, batez ere. 

Karroza lehiaketan izena emateko azken eguna martxoaren 5a izango da, eta 14:00etan itxiko da izen-ematea. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide