Euskal Herria "ederra" dela deritzo, baina ez du aukeratu hemen egotea. Maria Victoria Chavezek (Quezaltepeque, La Libertad, El Salvador, 1959) bere herrian egon nahiko luke, lurraren eta giza eskubideen aldeko borroka nekaezinari eusten. "Amesgaiztorik okerrenean ere ez nuke imajinatuko El Salvadorretik alde egin beharko nuenik", esan du. Haren eta haren senideen kontrako mehatxu zuzenak behartu zuten herrialdea uztera duela zazpi hilabete, eta denbora bat darama alabetako batekin Urola Kostan bizitzen. Aurpegia ematera ohituta dago, baina nahiago du momentuz ez erakustea. Chavez nahiz bere historia ezagutu nahi dituenak martxoaren 1ean, igandea, izango du horretarako aukera. Zestoako Mugimendu Feministak Martxoaren 8rako prestatu duen egitarauaren barruan, salvadortarrak parte hartu duen Ecos de la tierra dokumentala emango dute egun horretan 18:00etan Alonderon, eta atzetik, solasaldia eskainiko du Chavezek.
Hirira bizitzera eraman zuten haurra zelarik, baina inoiz ez zitzaizkion itzali sen indigena eta lurrarekiko lotura; horregatik, jaioterrira itzuli zen Chavez, Quezaltepequera. Han, Nayarit Mujeres y Juventudes elkarte ekofeminista sortu zuenez gero, giza eskubideen eta naturaren aldeko borrokari ekin zion duela hamazazpi urte. Alabaina, jazarpenak jasotzen ari zen Chavez, eta jakin zuen marek edo gazteleraz pandilla gisa ezagun diren taldeek ere jopuntuan zutela, besteak beste, gizakiaren salerosketaren kontra eta LGTBIQ+ komunitatearen nahiz abortatzeko eskubideen alde egiteagatik, Nayarit elkarteak egiten zuen lana askoz zabalagoa zen arren.
5.000 pertsona inguru hornitzen ditu El Cerrito mendixkaren ur erreserbak
Bortxaketa mehatxuen artean, etxea uztera behartu zuten 2012an, eta ezin izan zuen itzuli harik eta zemaitu zutenen kontrako salaketa erretiratu behar izan zuen arte, urtebete eta hiru hilabetera. Maria Victoria Chavezek etengabe jaso ditu mehatxuak. "Zenbait gauza uste osoz defendatzen ditugulako, eta aurre egiten diegulako hainbat pertsonari, adibidez, sexu erasotzaileei", zehaztu du. Bizitza defendatzeagatik, funtsean. Arpilatuta topatu zuen etxea itzuli zenean, baina komunitateak "besarkada" batekin hartu zuela dio. "Borrokarekin jarraitu genuen", esan du.
Mendixkaren dirdira
Eskailera batera igota loroco zuhaitzaren loreak jasotzen ari zela "dirdira" bat ikusi zuen urrutira Maria Victoria Chavezek, maitasunez El Cerrito esaten dioten mendixkan. Harrizko muino hori uraren gordailu naturala da, bere baitan jasotzen baitu euri ura, eta haren iturburuek nahiz akuiferoek hornitzen dituzte inguruko ur-putzu komunitarioak. 5.000 herritar inguruk edaten dute hortik.
Alta, 50 urte baino gehiago dira Quezaltepequeko mendixka apurtzen ari direla. Gutxienez sei enpresa estraktibistek harrobi bilakatu dute ingurua, zuloz josi dute, mendiari obratan erabiliko duten harrizko materiala lapurtzeko. Mende erdiz El Cerrito hartu duten makinek lur azpiko ur erreserbak gutxitu eta kutsatu dituzte, eta inguruko herritarren ur hornikuntza arriskuan jartzeaz gain, hainbat animaliaren eta landareren bizitokia suntsitzen ari dira. Chavezen begi-txokoetan pausatzen da orain muinoaren mina, baita Quezaltepequeko bizilagunen bihotzetan ere. "Meatzaritza esaten dugunean, jendeari urrea edo zilarra bezalako mineralak etortzen zaizkio gogora. Baina ura ere mineral bat da, bizitzeko nahitaezkoa gainera! Nork erabakitzen du zerk duen balioa eta zerk ez? Nola da posible urari baino balio handiagoa aitortzea urreari?", galdetu du salvadortarrak.
Saltex, Megablock, Grupo Precasa eta bestelako enpresen lanak oharkabekoa izateari utzi zion Chavezek begirada loroco loreen gainetik altxatu zuenean: "Momentu horretan hasi zen dena, orduan hasi nintzen inurri lanarekin".
Ahoz aho zabaltzen hasi zen enpresok egiten ari zirena, eta gutxinaka, herrialdeko nahiz nazioarteko elkarte desberdinekin aliantzak sortu zituen. "Gobernuek ez dutenez ezer egin, ahotsa altxatzen lagunduko ninduten elkarteak behar nituen, jendeak jakin zezan zer gertatzen ari zen Quezaltepequen", agertu du Chavezek. Horrela, Nayarit elkartekoek indarrak batu zituzten beste talde batzuekin (Bizitza Duinaren Aldeko Emakume Mesoamerikarren Sarearekin, El Salvadorreko Emakume Ekofeministak elkartearekin, Uraren Foroarekin eta Reverdes taldearekin, besteak beste), eta dirurik apenas izan ez arren, jendea antolatzea lortu zuten.
Salaketa bati esker, enpresa estraktibistak urtebete baino gehiagoz gelditzea lortu zuten
El Cerrito suntsitzen ari ziren enpresa estraktibistak geldiarazteko helburu argia zuen duela zortzi urtetik Maria Victoria Chavezek gidatzen duen borrokak, eta, horretarako, epaitegietara jo zuten. Hainbat elkarterekin jositako aliantzei esker, dirua lortu zuten, eta mendixka babesteko antolatutako jende-saldoan diziplina anitzetan adituak zeudenez, Chavezek naturaren inguruan zuen jakinduriari batu zitzaizkien soziologoak, biologoak, abokatuak, hidrologoak... Den-dena behar zuten enpresa estraktibista boteretsuen kontra salaketa aurkezteko. "Ni emakume indigena naiz, ezagutzen ditut amalurraren zeinu guztien esanahiak, baina zer sinetsiko dit [epaitegietako] jende horrek, naturarekiko erabat aldenduta bizi badira? Nik ez nituen tresnak behar nituen", azaldu du.
Uraren Foroaren laguntzarekin, 2023an aurkeztu zuten enpresen kontrako lehenengo salaketa, eta erantzun ona izan zuen. Ingurumenaren Epaitegiko epaileak aintzat hartu zituen salatzaileen argudioak, eta enpresa estraktibistak Quetzaltepequeko mendixkan egiten ari ziren jarduera guztiak geldiarazteko kautelazko neurriak agindu zituen. "Izugarrizko lorpena izan zen. Urtebete eta hiru hilabetez enpresak geldiaraztea lortu genuen", adierazi du Chavezek. Kautelazko neurriak bertan behera utzi eta enpresak mendixkari harrizko materiala lapurtzera itzuli zirenean, bigarren salaketa aurkeztu zuten Nayaritekoek, konpainia estraktibistek naturan eragiten duten kaltea egiaztatzeko ikerketa hidrologiko batekin lagunduta.
Bukeleren gobernua
Meatzaritza metalikoa debekatu zuen lehen herrialdea izan zen El Salvador 2017an, baina Konstituzioaren kontra bigarren agintaldian den Nayib Bukele presidenteak debekua altxatu zuen 2024an. Gaur egun, jazarpen bortitzarekin isilarazten ditu meatzaritzaren kontrako ahotsak, eta Maria Victoria Chavez bezalako aktibistak arrisku larrian bizi dira herrialdean. "Lehen maretan eta pandilla-tan zeudenen mehatxuak jasotzen nituen, baina orain enpresa estraktibista boteretsuenak eta gobernuarenak ere bai... Mehatxupean egotera ohituta nago, baina nire ahulgunea aurkitu dute: nire alabak mehatxatu dituzte, eta arrisku hori ezin dut jasan", adierazi du Chavezek.
Haren ustez, aurkeztutako salaketek emaitzak eman ditzaten eta El Cerrito apurtzeari utz diezaioten, beharrezkoa da "Bukeleren diktadurarekin amaitzea". Esperantza horri eutsita, bitartean, babes hartzen ari da Urola Kostan.