Euri jasa bortitzek arrasto kaltegarria utzi zuten herenegun Arroabean. Frontoia eta trenbidea hartu zituen urak astearte arratsean, eta uholde horren eragina nabarmena zen atzo ere.
Hain zuzen ere, uholdearen jatorria aztertzeko eta ur hoditeria garbitzeko lanean aritu ziren atzo goizean Zestoako udal langileak eta Gipuzkoako Ur Kontsortziokoak. Gaur, berriz, urak herenegun utzitako kalteak garbituko dituzte, eta, horrenbestez, asteartean urpean gelditu zen frontoia berriro erabiltzeko moduan izango dira gaur bertatik arroarrak.