Zestoako baserri batean antzeman dute scrapie gaixotasunaren urteko lehenengo fokua, Espainiako Nekazaritza Ministerioak atzo, ostirala, jakinarazi zuenez. Entzefalopatia espongiforme transmitigarri (EET) gisa sailkatutako gaixotasun horrek ardiei eta ahuntzei eragiten die, eta ez da kutsakorra gizakientzat. Pasa den astelehenean konfirmatu zuten Zestoako fokua, eta aziendako ardi bakarra gaixotu den arren, beste hogei arriskuan egon daitezkeela ohartarazi du ministerioak.
Ikara gaitza gisa ezagutzen den gaixotasun hori ez da berria Euskal Herrian, urtean bataz beste bi kasu antzematen baitira Gipuzkoan. 2025ean Nafarroan antzeman zituzten bi foku, eta 2024ean, berriz, foku bana Zumaian eta Arrasaten (Gipuzkoa).
Eritasun kronikoa da scrapie, eta ardien eta ahuntzen nerbio sistemari eragiten dio. Listuaren, mukien eta bestelako jariakinen bitartez kutsatzen da, eta ez da arriskutsua gizakientzat.
Ikara gaitzak mugimendu espasmodikoak eta dardarak eragiten die animaliei, eta hilgarria izan daiteke. Hala ere, ez da azken hilabeteetan Euskal Herrian zabaldu diren beste gaixotasun batzuk bezain larria, eta dermatosi nodularraren edo mingain urdinaren kasuetan ez bezala, Europako araudiak ez du agintzen ustiategiko azienda guztia sakrifikatzea kasu baten aurrean. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak zuhurtzia eskatu du, eta esan du gaixotutako animaliak bakarrik hiltzea aginduko duela.