Hotzari aurre egiteko jaka, txapel, lepoko, eskularru eta gainontzeko guztiak soinean, 18:30erako Akoara joateko aldaparen barrenean ziren dozenaka zestoar, Errege Magoei harrera egiteko prest, ohi bezala, handik behera iritsi baitira herrira. Herritarrak agurtzen hasterako, Milagrosa kaperan geldialdia egin dute Jesusi mirra, urrea eta intsentsua emateko. Ondoren, herrigunerako bidea hartu dute, eta herrian eman duten itzulian zehar ez zaie falta izan konpainiarik, ume, nerabe eta heldu, asko izan baitira Erregeek egin duten ibilbidera irten diren zestoarrak. Musika banda ere lagun izan dute ibilbide guztian.
Herria alderik alde zeharkatu, eta Gisasola egoitzan egin dute bigarren geldialdia hiru Erregeek. Barrura sartu eta bertako egoiliarrekin pixka batean egoteko beta hartu dute, eta Musika Bandak abesti bat ere jo die. Handik, herriko plazan barrena, elizarantz jo dute denek. Meltxor, Gaspar eta Baltasar ailegatzerako, jende ugari zegoen elizan, eta haurrak zain zituzten ilaran, eskuetan eskutitzak zituztela. Musika bandak girotuta, umeek aukera izan dute Errege Magoei gutuna eskura emateko, haiekin argazkiak ateratzeko eta solasalditxoa izateko.