Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak Zestoara iritsiko dira bihar, astelehena. 18:30 inguruan ailegatuko dira herrigunera Errege Magoak eta haien laguntzaileak; ohi bezala, Akoa auzotik behera egingo dute bidea.
Herriko kaleak desfilean zeharkatuko dituzte hiru protagonistek, baina egingo dituzte atsedenaldiak ere. Esaterako, Gisasola adinekoen egoitzako egoiliarrak bisitatzeko tarte bat hartuko dute. Desfilea parrokia atarian amaituko dute Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek, eta segidan eliza barrura sartuko dira. Puntu horretan ere izango dute herritarrek hiru Errege Magoei beren eskutitzak emateko aukera.
Arroabean ere bai
Arroabera Olaetatik helduko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar; 18:10 inguruan espero dira hiru lagun horiek Arroabean. Gainera, umeek haiekin egoteko aukera izango dute. Pajerik edo Errege Magoen laguntzailerik ez da izango han, baina bai gaur, bai bihar, postontzia jarriko dute elizaren atarian. Haiei eskutitzak bidali nahi dietenek 16:00etatik 19:00etara dute aukera bi egunotan.