Beñat Etxabe izendatu dute Zestoako Musika Bandako zuzendari

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 30a

Beñat Etxabe 'Ampoarito Roca' abestiaren partiturak eskuetan. )

Musika bandako kideek atzo, astelehena, egin zuten Zestoako Musika Bandaren behin betiko zuzendaria hautatzeko bozketa, eta musikariek Etxaberen aldeko hautua egin zuten. Zuzendari berria azken urteetan behin behinean aritu da banda zuzentzen.

Beñat Etxabe da Zestoako Musika Bandako zuzendari berria. Musika bandak behin betiko zuzendaria izendatzeko hautaketa prozesua abiatu zuen ekainaren amaieran, eta sei hilabeteren ondoren, atzo, astelehena, egin zuten musika bandakoek zuzendaria hautatzeko bozketa. Musikariek Etxaberen aldeko hautua egin zuten. 

Guztira, hiru lagunen artean erabaki behar izan dute musika bandakoek beren zuzendari berria: Iñigo Zearsolo, Urtzi Iriondo eta Etxabe. Bozketa egin baino lehen, ordea, lehen bi hautagaiek musika banda zuzentzeko ardura hartu behar izan dute zenbait hitzordutan. Etxabek, aldiz, ez, behin behinean zuzendari izan zen garaian banda zuzendutakoa baita hura. Hori hala, hautagaiek zortzi entsegu eta kontzertu bat zuzendu behar izan dituzte azken asteetan. Santa Zezilia eguneko kontzertua zuzendu zuen Zearsolok, eta Gabonetako kontzertua, bestalde, Iriondok.

Aurrerantzean, beraz, Etxabek zuzenduko du Zestoako Musika Banda. Hark hartuko du hamasei urtez musika banda horretako zuzendari izan zen Kepa Martinez Albenizen lekukoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide