Urtea bukatu aurretik, Zoroperi eguna ospatuko dute Zestoan

Nerea Uranga 2025eko abenduaren 20a

Iazko Zoroperi eguneko argazki bat. (Nerea Uranga)

Zoroperi eguna ospatuko dute abenduaren 26an Zestoan. Ohiko ezaugarriak izango ditu egunak: musika eta dantza, baserritarren eta artisauen azoka, lehiaketak, kirol saioak...

Ohi bezala, ospakizun egun handia izango dute abenduaren 26an Zestoan: Zoroperi eguna. Idiakaitz txistulari taldearen dianarekin hasiko dituzte ekintzak, eta herriko plazan baserritarren eta artisauen azoka egingo dute. Era berean, dagoeneko tradizio diren barazki eta frutaren, Urolako eztiaren eta Zestoako sagardoaren lehiaketak izango dira plazan, udalak antolatuta.

Zestoako trikitilariek eta Itxaropena dantza taldekoek ere girotuko dute plaza eguerdia bitartean.

Arratsaldean, herri kirol eta pilota ikuskizuna izango dira kiroldegian, eta hara joateko Denok kiroldegira kalejira egingo dute txarangak lagunduta.

Egitaraua

Hona hemen Zoroperi eguneko egitaraua:

  • 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana; 34. Barazki eta Fruta Lehiaketa; Urolako 26. Ezti Lehiaketa; erle, erlezaintza eta eraluntza produktuen erakusketa didaktikoa (azalpenak 12:30etik aurrera); erlauntzako produktuen dastaketa; 25. Zestoako Sagardo Lehiaketa; eta Segurako talogileak, artisauak eta salmenta postuak. 
  • 11:00. Ertxiña musika eskolako trikitilarien kalejira. 
  • 12:15. Herriko trikitilariekin Itxaropena dantza taldeko kideen dantza saioa, plazan.
  • Ondoren, Zestoako trikitilarien emanaldia, plazan. 
  • 12:45. Barazki eta fruta, ezti eta sagardo lehiaketetako sari banaketak. 
  • Ondoren, sagardo dastatzea, plazan. 
  • 14:30. Baba jana, Gaztetxean. 
  • 17:15. Denok kiroldegira kalejira txarangarekin. 
  • Ondoren, herri kirol eta pilota jaialdiak, Abantzu pilota elkarteak antolatuta, kiroldegian. Ekitaldian, Naroa Agirreri eta Jon Alberdiri esker ona adieraziko diete. Harri jasotzea, zaku eramatea eta lokotx biltzea, Abantzu eta Zestoa taldeen artean. Gero, Udane eta Elene Ostolaza harri jasotzen. Pilota partida: Txapei-Aizpuru eta Sasiain-Elizegi. 
  • 18:00. Magiklown magia eta pailazo ikuskizuna, Kultur Etxean. 
  • 19:15. Bertso poteoa Amets Arzallus eta Aitor Salegi bertsolariekin, Erniarraitz elkarteak antolatuta.
  • 19:30 eta 22:30. Obaneuke erromeria taldea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide