Zestoako Odol Emaileen Elkartearen eta Zestoako Udalaren aitortza jasoko dute bihar, ostiralez, herriko odol emaile hainbatek. 18:30etik aurrera egingo dute omenaldia udaletxean, eta odol ateraldi jakin batzuk egin dituzten herritarrek oroigarri bana jasoko dute. Hain zuzen ere, 25 odol ateraldi egin dituzten Aitor Alberdik, Mikel Altunak eta Imanol Salegik jasoko dute aitortza, baita 50 odol ateraldi egin dituen Marcelo Azpeitiak ere.
Zestoako Odol Emaileen elkarteak gogorarazi du odola ez dagoela ekoizterik, ez erosterik, baina beharrezkoa dela azpimarratu du, "uneoro eta nonahi". Halaber, eskerrak eman dizkie urte guztian zehar laguntza eman dieten Eizagirre eta Ogi Berri okindegiei, horiek ekarpena egin baitute odol ateraldietako meriendetarako.