Euskararen Eguna dela eta, ekimen bana egin dituzte gaur, asteazkena, Zestoako herrigunean nahiz Arroabean. Udaletxeko arkupeetan haurrak izan dira protagonista, eta euskararen aldeko mezuak paparrean eramateko nahiz herrian zabaltzeko tailerrak antolatu ditu beraientzat Ekain guraso elkarteak.
Horrela, Euskaraz bizi nahi dut lelodun txapak egin dituzte, aurpegiak margotu, eta banderatxoak apaindu dituzte euskararen alde, gero herriko plazan zehar zintzilikatzeko.
Arroabean, Euskararen Eguneko jaialdia egin dute 15:00etan eskolan, eta 18:30ean, berriz, Kepa Iribar kazetariak Erleen azken ziztada liburua aurkeztu du Elkargunean, auzotarren aurrean.