Zestoako Udalak antolatuta eta Antxieta arkeologia taldearen laguntzarekin, Arkeologia Astea egin dute aste honetan Zestoan. Gaur eman dute amaitutzat aste hori, udaletxe azpiko arkupeetan egin duten herri azokarekin. Hain zuzen ere, 11:00etatik 15:00etara, herritarrek Amalda haitzuloari, Baioko aztarnategiari edota Antxieta arkeologia taldearen jardunari buruz gehiago jakiteko aukera izan dute, baita Antxietako kideen azalpenak entzutekoa ere.
Asteartean eta ostegunean, bestalde, hitzaldiak izan ziren arkeologiaren inguruan. Lehen solasaldia asteartean izan zen; Hartzak Euskal Herrian, Zestoa inguruko aztarnategien garrantzia izenburupean aritu ziren solasean Asier Gomez Olivencia eta Moica Villalba de Alvarado, 19:00etatik aurrera, Alonderon. Haien ostean Joseba Rios Garaizarrek hartu zuen hitza, eta neandertalek eta baskoniarrek Amalda III haitzuloan egindakoez aritu ziren. Bigarren hitzaldia, Amabiturrieta, Zestoako altxor ezkutua izenekoa, ostegunean eskaini zuen Iñigo Arizagak, Alonderon.