Bi hitzaldi eta azoka, Arkeologia Asterako

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 23a

Hainbat lagun iazko Arkeologia Asteko solasaldi batean. (Ane Olaizola)

Asteartean eta ostegunean hitzaldi bana izango dira Alonderon; horietan Zestoako aztarnategien garrantziaz nahiz Amabiturrietaz ariko dira solasean. Igandean, berriz, azoka egingo dute. Zestoako Udalak antolatu du astea, Antxieta arkeologia taldearen laguntzaz.

Zestoako Udalak Arkeologia Astea antolatu du beste urte batez. Bi hitzaldi eta azoka egingo dituzte aurtengoan, Antxieta arkeologia taldearen laguntzarekin. Astearterako, ostegunerako nahiz iganderako prestatu dituzte ekintzak.

Lehen solasaldia asteartean izango da. Hartzak Euskal Herrian, Zestoa inguruko aztarnategien garrantzia izenburupean ariko dira solasean Asier Gomez Olivencia eta Moica Villalba de Alvarado, 19:00etatik aurrera, Alonderon. Haien ostean Joseba Rios Garaizarrek hartuko du hitza, eta neandertalek eta baskoniarrek Amalda III haitzuloan egindakoez ariko da. Bigarren hitzaldia, Amabiturrieta, Zestoako altxor ezkutua izenekoa, ostegunean eskainiko du Iñigo Arizagak. Saio hori ere Alonderon izango da, 19:00etatik aurrera.

Igandean, berriz, herri azoka egingo dute, udaletxeko arkupean, 11:00etatik 15:00etara. Herritarrek Amalda aitzuloari, Baioko aztarnategiari edota Antxieta arkeologia taldearen jardunari buruz gehiago jakiteko aukera izan dute, baita Antxietako kideen azalpenak entzutekoa ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide