Aizarnako kultur ondarearen balioaz hitz egiteko, Gure ondarea, gure historia jardunaldi irekia antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailuak azaroaren 22rako, larunbaterako, Aizarnako Andre Mariaren Zeruratzea parrokian. 11:00etatik 13:00etara izango da, eta Gordailuko arte historialari batek eta zaharberritzaile batek parte hartuko dute.
Jardunaldi horretan, Aizarnako kultur ondareaz hitz egingo dute elkartzen direnek. Gordailutik joandako hizlariek Aizarnan dagoen altxorarraren garrantziaz hitz egingo dute, baita azken urteetan Aizarnako elizan egin dituzten lanei eta elizaren historiari buruz ere. Horrez gain, aizarnarrek ere beren iritzia ematea nahi dute, baita etorkizunari begira elizak zer erabilera izango beharko lukeen azaltzea ere.
Proiektu berritzailea
Gure ondarea, gure historia. Zaindu dezagun gure ondarea goiburu duen egitasmoa berritzailea da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat lan egiten duten hainbat lagunek jarri dute martxan, "herritarren parte hartze aktiboarekin", Gipuzkoako ondare kultural erlijiosoari balioa emateko.
Gizartea sekularizatzearen eta zahartzearen ondorioz, hainbat azpiegitura erlijioso erabiltzeari uzten ari dira. Hori ikusita, talde horrek uste du ondarea babesteko eta kontserbatzeko "estrategiak aldatzea ezinbestekoa" dela, erabilera sozial eta kultural berrietara egokituz. Hori guztia kontuan hartuta, ondareaz hitz egiteko eta hausnartzeko espazioak sortu nahi dituzte, eta bide horretan antolatu dute larunbateko Aizarnako jardunaldi irekia. "Aizarnakoa aukeratu dute proba pilotu bezala, ondare aldetik duen balioagatik", adierazi dute saioaren antolatzaileek.