Mendiaz ikasteko eta gozatzeko aukera izan dute Zestoan

Maddi Txintxurreta 2025eko azaroaren 17a

Ostegunetik igandera bitartean, mendi astea ospatu dute Zestoan. Atzokoan, 46 lagunek parte hartu zuten haurrentzako ibilaldi neurtuan.

Hainbat modutan mendiaz disfrutatzeko eta ikasteko aukera izan dute Zestoan azken egunetan, Agiro mendi klubak antolatu duen mendi astearen baitako ekimenen bitartez.

Ostegunean egin zuten mendizaletasuna hauspotzea helburu duen egitasmoaren lehenengo ekintza: Armenia eskiekin izeneko hitzaldia eman zuten Jon eta Roman Artano anaiek. 28 lagun elkartu ziren Alonderon, zestoarrek Asiako herrialde horretan bizi dituzten esperientziak ezagutzeko.

Larunbatean, berriz, Jesus Mari Ibarguren Rubio-ren eta Juan Karlos Iraolagoitiaren omenezko BTT zeharkaldia egin zuten 19 herritarrek. Gurutzetik abiatu ziren 09:00etan, eta inguruak bizikletaz ezagutu ondoren, hamaiketakoa egin zuten.

Mendi astea amaitzeko, umeek egiteko moduko ibilaldi neurtua antolatu zuen Agiro mendi klubak. 09:30ean abiatu ziren kiroldegitik, eta Ertxiña mendiari itzulia eman zioten, 7,4 kilometroko ibilbidea osatuz. Bidean, Akoa, Kalbario eta Katre igaro zituzten, eta Ertxiñako lepotik bueltan, atzera ere Akoatik jaitsi ziren herrigunera. 46 lagunek parte hartu zuten ibilaldian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide